Uliako parkeari buruz iritzia emateko aukera egongo da Larrotxenen
![Uliako_parkea](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2019/03/uliako_parkea.jpg)
Uliako Auzo Elkarteak hamar hilabete daramatza Ulia XXI egitasmoa lantzen eta garatzen. Abiapuntua Ategorrieta-Uliako proiektuei buruz hitz egiteko bilera bat izan zen, eta otsailean, Okendo kultur etxean egindako erakusketa batekin eman zioten jarraipena. Dena dela, une honetan ari dira behar bezala bideratzen egitasmoa erakundeen diru-laguntzak jasota.
Uliako parkearen etorkizuna da egitasmoaren oinarria, eta parte hartzailea izatea nahi dute sustatzaileek. Bihar, Rodileko hirigintza proiektuari buruzko bilera informatiboa egingo dute, Josefinetan (19:30). Donostiako Udalbatzak Rodileko Plan Berezia onartu zuen, eta han etxebizitzak egingo dituzte.
Bestalde, ostirala izango da azken eguna Ulia XXI egitasmoa erakusketa ikusteko Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxean. Era berean, bihar eta etzi izango dute azken aukera donostiarrek euren iritzia emateko Uliako Lore Baratzen eta parkearen inguruan. Izan ere, erakusketak eremu horietan egiteko hainbat proiektu ditu hainbat paneletan jarrita.