Easo Ederra mutila izango da agian datorren urteko haur danborradan
Aitor ikastolari dagokio 2020ko haur danborradako pertsonaiak aukeratzea. Mahai gainean jarri dute datorren urteko Easo Ederra mutila izatea. Donostiako Udalari ez diote asmo horren berri eman ofizialki, baina jakitun direla adierazi dute.
Telebista batean eman zuen albistea ikastolako guraso elkarteko kide batek, era berean haur danborradako batzordeko kidea denak. Sare sozialetan ere zabaldu zen berria. Nolanahi ere, Aitor ikastolak ez du erabakirik hartu, eta aukera aztertzen ari dira.
Jon Insausti Festetako zinegotziak esan du ikastolak erabakitzen badu Easo Ederra mutila izatea, ontzat joko dutela. Era berean, Insaustik gogorarazi du Easo Ederraren pertsonaia desagertu egingo dela bost urte barru. Batetik, zaharkitua geratu delako pertsonaia eta garai berriekin bat egiten ez duelako. Eta bestetik, hiriko ikastola guztiei pertsonaia hori gorpuzteko aukera bukatzear delako.
Orain arte neska bat izan da Easo Ederra, eta hori aldatzear dela dirudi. Aurretik haur danborradako beste pertsonaiak neska ere izatera iritsi dira. Hala nola, danbor nagusia, jenerala eta alkatea.