"Alzheimerraz hitz egin behar da"
Iker Arrue dantzariak (Donostia, 1977) Ai Do Project dantza konpainia sortu zuen 2009an, eta hainbat dantza ekoizpen eta gizarte proiektu egin ditu ordutik. Horietako bat da Afagirekin, Alzheimerra duten pertsonen senitartekoen elkartearekin, lankidetzan sortutako 'Invisible Beauty' egitasmoa. Horren inguruko dokumentala estreinatuko dute gaur Aquariumean.
Nondik atera zenuen proiektua garatzeko ideia?
Horrelako proiektu bat garatzeko beharra, normalean, alzheimerraren moduko gaixotasun batek gertutik ukitzen zaituenean etortzen da. Horrela izan zen nire kasuan, duela hamar urte aitari alzheimerra diagnostikatu baitzioten. Aita Afagiko psikoestimulazio kognitiboko programan sartu zen, eta gauza positibo bat izan zitekeela ikusi genuen. Bestalde, aita kitzikatzeko egiten nituen gauzei aitak ondo erantzuten zuela ikusi nuen, eta Afagiko adituekin hitz egiten hasi nintzen, beste gaixo batzuekin gauza bera egiteko aukeraren inguruan. Lehen proba bat egin genuen, eta ikusi genuen gaixoek musikarekiko zuten erantzuna oso positiboa zela.
Zertan datza Invisible Beauty proiektua?
Ni Ai Do Project dantza konpainiako zuzendaria naiz, eta bi proiektu garatzen ari gara momentu honetan: dantza ekoizpenak eta alzheimerra duten pertsonei zuzendutako Invisible Beauty giza ekimena. Afagi elkartearekin batera garatu dugu ekimena, eta hainbat erakundek babestu gaituzte: Kutxa Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Dantzaguneak eta Musikenek. Jarduera desberdinak garatzen ditugu proiektuan, eta Afagiko erabiltzaileek, alzheimerra duten pertsonek, urtean zehar garatzen duten psikoestimulazio kognitibo programaren barruan kokatzen dira.
Bi ardatz ditugu Invisible Beauty proiektuaren barruan. Alde batetik, topaketen ardatza daukagu, non alzheimerra duten pertsonekin zuzenean garatzen ditugun jarduerak dauden. Topaketak dira jarduera nagusia, baina mugimendu ikastaroak ere egiten ditugu, Afagira joaten gara proiektua garatzen dugunon eta alzheimerra duten pertsonen arteko harremana sustatzeko, eta dantza eta musika irakasleei zuzendutako proiektu pedagogiko bat egiten dugu. Publikorik gabe izaten dira jarduera hauek, eta alzheimerra duten pertsonentzat dira, pertsona horien gaitasun fisiko, musikal eta emozionalak kitzikatzeko helburuarekin.
Bestetik, ardatz kulturala garatzen dugu. Publikoari irekiak diren jarduerak dira horiek, eta gaixotasunari eta proiektuari ikusgarritasuna ematea dute helburu. Alzheimerraren inguruko tabu asko daude oraindik, eta iruditzen zaigu gaixotasuna normalizatzea dela erakundeek gaixoei eta haien senideei laguntza gehiago eskaintzeko lehen pausoa.
Adar asko ditu proiektuak, beraz.
Bai. Saiatzen gara alzheimerra duten pertsonentzat onuradunak diren jarduerak garatzen, baina baita proiektuan parte hartzen duten pertsona bakoitzari onurak sortzen ere. Hau da, parte hartzen duten artisten beharrak asetzen saiatzen gara, baita Afagiko adituei mugimenduaren inguruko informazio berria eskaintzen ere. Gaixotasuna duten pertsonen muga fisikoak identifikatzen eta lantzen saiatzen gara, ondoren muga horiek kitzikatzeko.
Beraz, oso proiektu pertsonala da.
Abiapuntua oso pertsonala izan zen. Aldi berean, proiektuan parte hartzera gonbidatzen ditugun artistekin ikusi dugu beraien partaidetzak alzheimerra duten pertsonekiko duten tratuan eragiten duela. Orduan, ikusi dugu aukera dugula alzheimerrarekin gertuko harremana izan ez duten pertsonei azaltzeko gaixotasuna zer den eta nola bizi daitekeen horrekin.
Proiektuak dantzarekin harreman zuzena du. Dantza da kulturalki espresatzeko duzun modua?
Uste dut hasieran ez nintzela kontziente, intuizioz egin nuen. Alzheimerra duten pertsonak oso azkar bihurtzen dira inguruan dituzten pertsonen mendeko, eta, horrekin batera, gizarteko bizitza kulturalean integratzeko aukera galtzen dute. Beraz, lehenengo ideia izan zen haiekin partekatzea dantza garaikide proiektu baten sorkuntza prozesua eta zer erreminta erabili ditzakegun mugimendua sortzeko. Hau da, haiei kultura hurbiltzea zen ideia.
Dokumentala estreinatuko duzue gaur, ezta?
Gaur egingo duguna da publikoarekin partekatzea nola egiten dugun lan dantzaren bitartez alzheimerra duten pertsonekin. Lehenengo, ikastaroetarako sortu genuen koreografia bat egingo dugu, ekitaldiaren aurkezpen gisa. Ondoren, aurkezpen txiki bat egingo dugu, proiektuari marko bat jarriz, eta Asier Garziak zuzendu duen dokumentalaren estreinaldira pasako gara. Alzheimerra duten pertsonekin nola egiten dugun lan deskribatzen du dokumentalak, baita lehen aipatu ditudan proiektuaren bi ardatzak nola landu ditugun eta nola elkartu diren ere. Bestalde, alzheimerra zuen pertsona baten alargunarekin elkarrizketa bat egin dugu, eta ekitaldiaren bukaeran eskainiko dugu. Hori izango da une hunkigarriena. Doakoa izango da ekitaldiko sarrera.
Zer erantzun espero duzue jendearengandik?
Beteko balitz, primeran! Lehengo urtean proiektua jendaurrean aurkeztu genuenean arrakasta dezente izan zuen.
Zer harrera dauka proiektuak alzheimerra duten pertsonen senitartekoen artean?
Oso harrera ona izaten du gaixotasunarekin harreman zuzena duten pertsonekin. Batez ere proiektua garatzen dugunak gazteak garelako, eta zahartzaroarekin lotutako gaixotasun bat delako. Belaunaldi salto hori haustea da gure helburuetako bat. Zentzu horretan, konturatu gara jendeak gehiago dakiela gaixotasunaren inguruan aurkezpenetatik atera ondoren.
Zer egin behar da alzheimerraren inguruko tabuarekin bukatzeko?
Alzheimerraz hitz egin behar da, hori da egin behar den lehenengo gauza. Alzheimerra duten pertsonen senide eta lagun askok oraindik nahiago dute gaiaz ez hitz egin. Dokumentalean, esaterako, aurpegi gutxi azaltzen dira horregatik. Gure ikuspuntutik, gaixotasunaz hitz egitea da normalizaziorako lehen pausoa.
Zer eragin dauka proiektuak gaixotasuna duten pertsonengan?
Inpaktu handia dauka beraiengan, emozionalki, batez ere. Gu, dantzari gisa, mugimendutik abiatzen gara, eta gaixoek dituzten mugak kitzikatzen saiatzen gara. Planteatzen dizkiegun ariketek zailtasunak sortzen badizkiete, baina egitea lortzen badute, egoera erlaxatu batean kokatzen ditu, eta beraien senitartekoekin duten tratuan eragina du horrek. Estimulazio emozional horretan indarra jartzen saiatzen gara.