Gizon bat atxilotu dute, Kontxa hondartzan neska bati ukituak egitea leporatuta
Ertzaintzak 26 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizean, mehatxu egitea eta sexu-askatasunaren aurkako delitu bat leporatuta. Gertakaria 06:50ean izan da, Kontxa hondartzan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, atxilotutako gaztea neska eta mutil bikote batengana hurbildu da tabakoa eskatzera, eta ezezkoa erantzun diotenean, gizona oldartu egin zaie. “Halako batean guraize batzuekin mehatxatu ditu bi nerabeak, eta horrez gainera, neskarengana hurbildu eta ipurmasail inguruan ukituak egin dizkio”, azaldu du Ertzaintzak ohar batean.
Nerabeek tokitik alde egitea erabaki dute orduan, baina gaztea atzetik joan zaie, Easo kaletik. Une horretan biktimek Ertzaintzara deitu dute larrialdietako 112 telefono zenbakiaren bidez. Deiaren ostean, polizia patruila batek erasotzailea aurkitu du, eta identifikatu ostean “prebentziozko miaketa” egin dio. Miaketa horretan mehatxu egiteko erabili dituen guraizeak aurkitu dizkio poliziak. Biktimek salaketa jarri dutenez, agenteek mehatxu-delitua eta sexu-askatasunaren aurkako delitu bat leporatuta atxilotu egin dute inplikatua. Ertzaintzak jakinarazi du Ertzain-etxeko eginbideak amaitu ondoren Donostiako Guardiako Epaitegira eramango dutela atxilotutako gaztea.