Isabel II.aren hiribidea berrurbanizatuko du udalak
Amara Berriko Isabel II.aren hiribidea berrurbanizatzeko kontratazio espedientea onartu du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzordeak. Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, Isabel II.aren hiribidean oinezkoentzat gune zabalagoak egotea aurreikusten dute, ibilgailuen bi noranzkoak mantenduz.
Bikoitien espaloia izango da gehien zabalduko dutena 6,37 metro izatetik 13,55 metro izatera pasako baita, ibilgailuentzako bideetako bat kenduz. Bakoitien aldea ere zabalduko dute, baina neurri txikiago batean, aparkalekuen lerro bat kenduko baitute. Milioi bat euroko aurrekontua izango du proiektuak eta sei hilabeteko epean gauzatu beharko dute. Lan hauek bukatu ondoren, zonalde berean dauden Gregorio Ordoñez kalean eta Felipe IV.aren hiribidean hasiko dituzte berrurbanizazio lanak.