Tolosa hiribideko zuloak konpontzeko lanak datorren astean hasiko dira
"Premiazko beharrari" erantzunez, udalak datorren astetik aurrera Tolosa hiribideko galtzadako zuloak konpontzeari ekingo diola jakinarazi du Eneko Goia alkateak.
Hilabete hasieran, Dbus eta Lurraldebuseko gidariek protesta egin zuten errepidearen egoera eta erakundeen utzikeria salatzeko. Gaur, Tokiko Gobernu Batzordeak hiriko hainbat zoladuren konponketak burutzeko proiektua onartu du, Tolosa hiribidekoa ere bere gain hartuz.
Obra bi fasetan egingo dute: lehenengoa Ibaetako biribilgunetik topoaren obretara doan tarteari dagokio, eta bigarrena, berriz, hortik Europa plazara doan zatiari. Fase bakoitzeko lanak hiru astez luzatuko dira, gutxi gorabehera.
Tarte horretan, ibilgailu pribatuen trafikoa Zarautz hiribidera bideratuko dutela azaldu du Goiak, Tolosako hiribidean errei bakarra erabili ahal izango dela eta autobusentzat erreserbatuko dela nabarmenduz. “Tolosa hiribidea nolakoa den jakinda, ziurra da obrek hainbat afekzio eragingo dituztela”, adierazi du alkateak, beste erremediorik ez dagoela azpimarratuz.
Horrez gain, Intxaurrondo, Gros, Egia, Erdialdea eta Antiguako 57 kale eta pasealekuetako zuloak konpondu eta beste 21 kale osorik edo zatika berrituko dituzte. Gainera, Miramon Eremuko galtzadaren konponketa abiatuko dute, eta baita Igeldoko Pilotegi bidearen zolaketa ere.