Urrezko Danborra hautatzeko prozedura adostasunik gabe aldatu dela salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak pasa den astean aldatu zuen Urrezko Danborra aukeratzeko prozedura. Ordea, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek salatu dute alderdi guztien akordiorik gabe egin dela aldaketa. Hautaketaren azken fasean herritarren parte-hartzea mugatu nahi izatea egotzi diote Eneko Goia alkateari.
“Harrituta eta haserre” agertu dira Aitzole Araneta eta Reyes Carrere, Elkarrekin Donostiako eta EH Bilduko bozeramaileak, hurrenez hurren. “Urriaren 10eako Bozeramaileen Batzordean eztabaidatu zen Urrezko Danbora aukeratzeko prozedura, baina ez zen inolako akordiorik hartu, eta are gutxiako udal gobernuaren prentsa oharrak iragarritakoa”.
Batzorde hartan, Goiak 2021ko Urrezko Danborrari begira proposamen bat aurkeztu zuen, eta gainerako udal taldeetako bozeramaileek euren proposamenak aurkeztu zituzten. “Ez zen ezer erabaki, eta ez zen bozketarik egin”, azpimarratu du Aranetak. Hartu zuten erabaki bakarra izan zen azaroaren 19ko Bozeramaileen Batzordean eztabaidatzen jarraitzea. “Komunikabide hainbatek akordio bat egon dela iragarri dute, eta hori gezurra da”.
Carrerek gaineratu du Goiaren proposamena ez dutela babestu EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. “Proposamen horrek hautsi egiten du orain arte udal taldeek adosturiko prozedurarekin”. 2017an gertatu zenaren ondoren –Urrezko Danborra banatu gabe geratu zen–, udal talde guztiek begi onez ikusi zuten saria jasoko duen pertsona hiritarren partaidetzaren bidez aukeratzea. “Goiak parte hartze hori mugatu nahi du, Bozeramaileen Batzordeak berak erabakia hartu dezan”.
2019ko aukeraketan herritar gutxik parte hartu zuten, eta hori aldatzeko borondatea erakutsi zuten orduan udal gobernuko alderdiek. “Uste badute parte hartze sistema honekin botoa eman duten donostiarrak gutxi direla, partaidetza bultzatu beharko lukete eta ez ezabatu”, azpimarratu du Aranetak. “Herritarrei dagokie azken hitza, araudiak agintzen duen bezala, eta ez udal talde politikoei”, gaineratu du Carrerek.
Alkateari eskatu diote 2020rako dagoen adostasuna errespetatzeko, eta 2021erako prozesua aldatu nahi bada, ezarritako prozeduren bidez egin ahal izatea. “Proposamen idatzia aurkeztea eta beharrezko bozketak egitea”.