Naturklima fundazioaren sorrera salatzeko elkarretaratzea egingo dute
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu du "Gipuzkoako Aldundiak erraustegia zuritzeko" sortu duela.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Naturklima sortu du, klima aldaketaren fundazioa. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu du “aldundiak erraustegia zuritzeko” sortu duela. Horregatik, Klima ez da negozioa lelopean elkarretaratzea egingo dute asteazkenean Aquariumaren aurrean, 18:30ean.
Hilaren 23an eta 24an jardunaldiak antolatu ditu Naturklimak Gipuzkoa klimaren alde lelopean. Horren aurrean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak aldundiak “erakusten duen muturreko hipokresia” salatu nahi du: “Urteko 200 000 tona CO2 baino gehiago eta ehunka mila kilo nitrogeno oxido atmosferara isuriko duen erraustegia pizteko bezperetan, klimaren alde ari direla adierazten dutelako”.
Gaineratu dute, Gipuzkoan erraustegia negutegi efektua sortzen duten gas gehien isuriko duen enpresa izan daitekeela. “Planetaren osasunari kalte handiena egin diezaiokena da. Ezin dira ere albo batera utzi tximinia beretik aterako diren eta gizakion osasunari kalte egingo dioten dioxina, metal astunak, eta abar”.
Gipuzkoako Aldundiak antolaturiko jardunaldien ikuspegia, batez ere, “enpresariala” dela esan dute. “Hizlari moduan banku eta multinazionaletako ordezkariak ariko dira. Larrialdi ekologiko larri honetara eraman gaituen kapitalismo basatiak krisia berarekin negozioa egiten jarraitu nahi du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Garbi geratzen ari urte askotan zehar kapitalismoaren interesak eta naturaren kontserbazioa kontrajarriak direla. Banku, multinazional eta egungo agintarien eskutan uzten badugu larrialdi ekologikoaren zuzenketa orain arte bezala jarraitu dugu, egunetik egunera okerrago”.
Herritarrei eskatu diete jabetzeko egoeraren larritasunaz, eta agintariei eskatzeko “benetako neurriak” har ditzaten klimaren alde. “Alternatiba ekologikoagoa badagoela kontuan izanik, lehenengoa Donostiako erraustegia ez piztea da, lehen aipatutako gasen isurketa saihestuz; eta honekin batera Gipuzkoan biztanleko zabor gehien sortzen duen herrian, Donostian alegia, bilketa sistema eraginkorra martxan jartzea, azken lau urteetan ez baita ezertxo ere egin bilketa hobetzeko”.
Horregatik, asteazkeneko elkarretaratzean parte hartzera deitu diete herritarrei: “Ez dezagun onartu greenwashing edo zuriketa gehiagorik. Errausketa = klima aldaketa”.