Transexualitatea eta nerabezaroa jorratzeko jardunaldiak antolatu dituzte Intxaurrondo kultur etxean
Saioan parte hartuko dute Miquel Misse soziologo eta trans aktibistak, Steilas Hezkuntzako langileek sindikatuko hainbat kidek eta Kattalin Miner idazleak.
Transexualitatearen Despatologizazioaren Nazioarteko Eguna da urriaren 23an, eta hirugarren urtez, indarkeria matxista nerabezaroan lantzeko jardunaldiak antolatu dituzte Donostia Gazteriak eta udaleko Berdintasun sailak. Aurten, LGTBIQ+ eta, batez ere, transexualitatearen gaia jorratuko dute; “Indarkeria matxistaren argazki handi horren baitan, gay, lesbiana eta transexualek indarkeria berezitua jasaten baitute bizitzako hainbat esparrutan”, adierazi dute antolatzaileek. Hala, saioa asteazkenean, urriaren 23an, izango da, eta hasieran Kontadoresen egitekoak baziren ere, Intxaurrondo Kultur Etxean egingo dute 9:00etatik 14:00etara.
Batik bat, nerabeekin lan egiten duten eragileei zuzendua dago, hala nola, haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaileak, baita berdintasun teknikariak, gazteria teknikariak, irakasleak eta hezitzaileak. Antolatzaileen ustez, gaiaren inguruan ikasi, hausnartu eta estrategia komunak adosteko beharra dutela dio eguneroko praktikak. Era berean, uste dute beharrezkoa dela aztertzea eta ikustea ea hezkuntza sistemako hezkidetza planek eta udaletako gazteria eta berdintasun planek LGTBIQ+ politikarik jasotzen duten, eta hala izatekotan, nola egiten duten.
Jardunaldiak hiru zati izango ditu, eta hainbat aditu izango dira hizlari. Solasaldi nagusia Miquel Misse soziologo eta trans aktibistak egingo du. Ibilbide politiko luzea du Missek, eta aholkulari eta hezitzaile independentea da politika publikoetan, honako alor hauetan: sexu eta genero aniztasuna, eta kultura trans anitz eta kritikoaren sustapena. Gainera, Universitat de Vic- Universitat Central de Catalunya-n sexu eta genero aniztasunaren ikasketen kanpo ikertzailea da.
Bestalde, Steilas Hezkuntzako langileen sindikatuko Nagore Iturrioz eta Iban Albizuk, pedagogia feminista oinarri hartuta sortu duten Genero eta aniztasun sexualerako gidaliburua aurkeztuko dute: halaber, horren inguruko lantegi praktiko bat antolatu dute parte hartzaileentzat.
Azkenik, Kattalin Miner kazetari, idazle eta ekintzaile feministak Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (Elkar, 2019) liburuaren aurkezpena egingo du. “Suizidioa eta transexualitatea elkartu ziren Aimar Elosegi Ansa, Moio, bere lagun minaren heriotzan. Hainbat elkarrizketa egin ditu Minerrek eta erreportaje bizi, zintzo eta sakona eskaintzen du aurkeztuko duen liburuan”, adierazi dute antolatzaileek.
Antolatzaileek jakinarazi dute izena emateko epea itxita dagoela dagoeneko.