Kontxako barandako azken zatia berrituko dute
La Perla bainuetxearen eta Loretopearen arteko Kontxako baranda da berritzeko falta den bakarra, eta 2020ko urtarrilean hasiko dira baranda zatiak ordezkatzen. Bi fasetan egingo dute ordezkapena: Loretopeko tunelaren eta Bigarren Mendeurreneko Balkoiaren arteko baranda aldatuko dute lehen fasean, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua du. Bigarren fasean ehun baranda zati inguru ordezkatuko dira, eta aipatu balkoitik La Perlaraino iritsiko da. Laster aterako dute lizitaziora fase hori, baina udalak oraindik ez du zehaztu noiz hasiko diren bigarren faseko baranda ordezkapenak, ezta aurrekontua ere.
Baranda zati berriak Portoko (Portugal) galdategi batean egiten ari dira Tecnalia enpresaren kalitate kontrolekin, eta Oviedon (Asturias, Espainia) margotzen dituzte. Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak Portugalgo galdategia bisitatu du, eta honakoa adierazi du: “Kontxako baranda egitea hasieran dirudien baino konplexuagoa da. Kalitate-berme guztiekin egin behar dugu, beste mende bat iraun dezan, aurrekoak bezala. Porton galdategi hori aurkitu izana zorte handia da, mimoz egindako artisau-lana ziurtatzen baitu eta emaitza ezin hobeak izaten baititu”.
2016an mende bat bete zuen Kontxako barandak, eta pieza original bat uztea aztertzen ari direla azaldu du Garmendiak, oroitzapen gisa: “1916ko barandaren zati bat Kontxa pasealekuan uzteko aukera aztertzen ari gara: leundu eta margotu ondoren, jatorrizko eskudelaren oroitzapen gisa utziko genuke, beharbada, plaka batekin”. 2004an hasi zituzten Kontxako barandaren ordezkapen lanak, Nautikoaren eta lehen arrapalaren arteko baranda zatiak aldatuz, eta azken urteetan egin dituzte ondorengo ordezkapenak.