San Martin kaleko mozketak eztabaida sortu du alderdien artean
Erabakia komunikatzeko moduak udal talde hainbaten kritika sortu du, eta urriko udalbatzarrera eraman dute gaia. Zehazki, kontrol mozio bana eraman dute Elkarrekin Donostiak eta PPk.
Metroaren igarobidearen lanengatik San Martin kaleko errei bat itxiko dute datorren astelehenean. ETS enpresa publikoa izan da albistea egunkari baten bidez eman duena. Donostiako Udal Gobernuak berriz, ez du informaziorik eman, soilik ETSk esandakoa berretsi du. Era berean, lanen afekzioen ardura zein eskumena ETSrena dela azpimarratu du.
San Martin kaleko mozketa komunikatzeko moduak udal talde hainbaten kritika sortu du, eta urriko udalbatzarrera eraman dute gaia. Zehazki, kontrol mozio bana eraman dute Elkarrekin Donostiak eta PPk. Udalbatzak bi mozioak onartu ditu, Elkarrekin Donostiaren mozioko bi puntu izan ezik.
“Atzo jakin genuen San Martin itxiko delako, atzo, eta ez da zuek esan diguzuelako izan”, kritikatu du Borja Corominasek, PPko zinegotziak. Eskumenen aitzakia erabiltzea ere egotzi dio udal gobernuari. “EAJk bazuen mozketa partzialaren berri. Ordea, sozialistek horren berririk ez zutela esan zuten udal talde guztiok atzo parte hartu genuen solasaldi batean”, gaineratu du Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak. Mozketaren inguruko informazioa hedabideetatik jaso dutela nabarmendu du.
EH Bildu abstenitu egin da bi mozioetan, eta honela azaldu du arrazoia Garbiñe Alkiza zinegotziak: “Ados gaude eskatzen dituzuen neurriekin, baina gure ustez erabaki orokorrago bat da behar dena. Mugikortasun plan integral bat behar du hiriak, eta ez behin behineko zuzenketak”. Horrekin batera, metroaren igarobidea ez dela beharrezkoa esan du. “Proiektu ahula da, eta Pilar Aranak esan zigun bezala, bizitza propioa duen obra bat da. Iluntasun asko ikusten dugu proiektu honen atzean”.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak hartu du jeltzaleen hitza. “Bagenekien obra handia izango zela eta afekzio ugari sortuko zituela. Hiriarentzako aukera bat dela uste dugu, eta ona dela etorkizunari begira. Dena dela, afekzioetatik pasa behar dugu azken helburu horretara iristeko”. Udalak dituen eskumen eta arduren inguruan, berriz, esan du lanean ari direla euren esku dagoena egiteko: “Udal gobernuaren posizioa argia da. Epeen ardura ETSerena da, obra behar bezala ezagutzen dutenak dira. Martuteneko proiektuaren antzekoa da, Urumea ibaiaren zabaltzearena. URA euskal agentzia da lanen arduraduna, eta eurek daramate hori”. Prentsara filtratu den informazioa dela eta, adierazi du egunkari baten eman duen informazioa ez dela zertan izan udalak emango duena.
Afekzioak lasaitasunarekin hartzeko eskatu du Ernesto Gasco zinegotzi sozialistak. “Bilboko Moiua plaza desmuntatu zutenean, plaza ez zen erre, eta bi urte behar izan zituzten lanekin bukatzeko. Han egin bazuten, hemen ere egingo dugu arazorik gabe”. PSE-EEk bi mozioak babestu ditu.