Udalbatzarra eten dute EH Bilduren udal taldeak estelada bat jarri duelako aretoko euren mahaian
Urriko ohiko udalbatzarra hasi orduko eten du Eneko Goia alkate eta udalbatzarreko presidenteak. EH Bilduren udal taldeak Katalunian gertatzen ari dena salatzeko estelada bat jarri du udal batzar aretoko euren mahaian. Goiak hiru bider eskatu dio Reyes Carrere bozeramaileari kentzeko, eta hirutan ukatu du. Ondorioz, Bozeramaileen Batzordera deitu ditu Goiak alderdi guztietako bozeramaileak.
Hamabost minuturen ondoren, Goiak laugarrenez eskatu dio Carrereri estelada kentzeko, eta ezezkoa erantzun dio. Azkenik, Udaltzaingoari eskatu dio Goiak estelada kentzeko eta horrela egin du. Behin kenduta, udalbatzarra 10:05ean abiatu da.
Estelada kentzeko eztabaida sortu da aurretik, eta beste udal taldeetako ordezkariek hitza hartu dute. Borja Corominas PPko gaurko bozeramailea EH Bilduren jarreraren aurka agertu da, eta kentzeko eskatu die. Ernesto Gasco sozialistak eta Jon Insausti jeltzaleak ere senyera kentzeko eskatu dute. Aldiz, Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak udalbatzarra normaltasunez egiteko arazorik ez dagoela esan du.
Goiak azaldu du bere garaian adostu zela udalbatzarretan politikarekin loturiko sinbolorik ez zela erakutsiko udal batzar aretoan.