Erraustegiaren inguruan bizi diren amen ama-esnearen laginak hartu dituzte kutsadura maila neurtzeko
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak urrats bat gehiago eman du Zubietako erraustegiaren kutsaduren kontrol independentearen operazioan, eta azpiegituraren inguruan bizi diren amen ama-esnearen laginak jasotzen hasi da. Holandako Toxicowatch fundazioaren eta ikerketa operazioan parte hartzen ari den erakunde euskaldunaren gomendioa jarraituz, prest aurkeztu diren Usurbilgo zenbait ama berriren bularreko esnea bildu dute analisietarako, eta prozesua erraustegiaren inguruko herri gehiagotan errepikatuko dute datozen egunetan.
Zientzialarien arabera, ume-jaio berriei bularra ematen dieten ama gazteen esnea oso baliagarria da kutsaduraren garapena aztertzeko, orain arte oilategietatik eta lurzorutik jaso dituzten laginak bezala. Jasotako lagin horiek guztiak berme zientifiko guztiekin erregistratu dituzte, eta datozen urteetan zehar jasotako lagin berriekin alderatuko dituzte etorkizunean.
Herritarren ekimenez sorturiko ikerketak finantziazioa behar du, ordea, eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek gogoratu dute duela zenbait egun crowfunding kanpaina bat abiatu zutela, egitasmoa aurrera ateratzeko behar den dirua biltzeko asmoarekin.