Santa Klara irlako itsasargiko lanak gelditzeko eskatu du udaleko oposizioak
Santa Klara irlako itsasargian Cristina Iglesiasen eskultura egiteko lanak duela bi aste hasi ziren, eta horien inguruko kezkak plazaratu dituzte EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek, lanak gelditzeko eskatuz. Izan ere, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du udal gobernuak ez dituela aintzat hartzen herritarren kexak, eta Jon Insausti Kultura zinegotziak hedabide batean egindako elkarrizketa esandakoa kritikatu du, proiekzio turistikoaren kezkan soilik jartzen duelako fokua.
Iglesiasen eskulturak eragin dezakeen proiekzio turistikoaz gain, beste bi kezka nagusi dituztela azpimarratu du Ormazabalek: aurrekontuarena eta industria ondarearena. Izan ere, Ormazabalek azaldu duenez, lanetan gastatzen ari direna ez da hasiera batean udalak ezarritakoa: “1,5 milioi euroko aurrekontua zuen proiektuak, eta orain jakin dugu 3 milioi eurokoa dela jada”.
Bestalde, irlako eta Igeldoko itsasargiak industria ondare gisa izendatuta daudela azaldu du Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak, eta beraz, “barrutik zein kanpotik” mantendu behar direla, nazioarteko irizpideen arabera. Gainera, hilaren 7tik 9ra Sevillan egin duten industria ondarearen inguruko biltzarrean irlako itsasargiaren kasua egin behar ez denaren adibide gisa jarri dutela nabarmendu du Garaik.
Horregatik guztiagatik, lanak gelditzeko eskatu dute bi udal taldeek, eta hiru plan garatzeko: Alde batetik, ingurumen plan bat, itsasargiko lanek eta eskulturaren eraikuntzak izan dezaketen inpaktu ekologikoa baloratzeko. Garaik gogoratu du plan hau bi aldiz bota duela atzera udal gobernuak, aurreko legegintzaldian, eta legegintzaldi honetan, hain justu. Bestetik, itsasargiaren barrualdeko industria ondarea baloratzeko plan bat, eta, azkenik, plan ekonomiko bat, eskultura egiteko lanek izango duten kostu guztia argi uzteko.