Erregezaintza kalea eta Heriz pasealekua lotzeko lehen igogailuaren proiektua onartu du udalak
Antigua auzoko behealdea eta goiko apaiztegiaren eremua mugikortasun bertikalarekin elkartuko ditu Donostiako Udalak. Aspaldiko proiektu hau aurrera eramateko lehen pausoa eman dute, eta eraikiko diren lau igogailuetatik lehena egiteko proiektua onartu dute. 52 metroko desnibela da erraztuko dutena.
Erregezaintza 26. eta 28. zenbakiak eta Heriz pasealekuaren 21. zenbakia dira igogailuen bidez lotuko dituztenak. Lehen igogailura sartzeko pasabidea egingo dute Erregezaintzako 26. eta 28. zenbakiek alboan dituzten eskaileren hasieran. Goiko aldean, berriz, Heriz pasealekuarekin lotura egiteko beste pasabide bat eraikiko dute.
Lehen igogailuaren proiektua aurrera eramateko udalak lurrak desjabetu beharko ditu. Horretarako, bi edo hiru hilabete beharko dituztela esan du Eneko Goia alkateak. Proiektuaren aurrekontua 935.123 eurokoa izango da, eta behin lanak adjudikatuta lanak bost hilabetez luzatuko dira. Une honetan, udala baldintza oinarriak idazten ari da lanak lehiaketara ateratzeko. Goiak ez du zehaztu lehen igogailua noizko egongo den erabilgarri.