Behobia-Donostiaren 100. urteurrena, Hitzaren eskutik
Urteroko moduan, Irutxuloko Hitzak eta Oarsoaldeako Hitzak gehigarri berezia egin dute elkarlanean aurten 100 urte bete dituen Behobia-Donostia lasterketaren harira.
Igandean, hauteskunde orokorren egunean, Behobia-Donostiak milaka lasterkari jarriko ditu berriro ere errepidean 20 kilometroko ibilbidea egin eta Euskal Herriko kirol proba ezagunenaren 100. urteurrena ospatzeko. Herrialdeko lasterketarik zaharrena bihurtuta, ekitaldi honek badu atzera begira luze bat, eta baita etorkizun oparo bat bermatzen dion oraina ere.
Urteroko legez, azken asteetan Irutxuloko Hitza eta Oarsoaldeko Hitza elkarlanean aritu dira Behobia-Donostiari buruzko gehigarri berri bat argitaratzeko. Tokiko hedabideen harpidedunek bihar jasoko dute euren postontzietan, dagokien astekariarekin batera, eta lehen eskutik ezagutu ahalko dituzte lasterketa enblematikoaren nondik norakoak.
Besteak beste, gehigarriak Behobia-Donostiaren 100 urte hauen ibilbidea errepasatuko du, mendean zehar mugarri izan diren hamar une berezi nabarmenduz. Halaber, igandeko lasterketari buruzko datu eta informazio guztiak izango ditu, eta baita urtez urte kirol proban parte hartu duten hainbat herritarren testigantzak ere.
Horrez gain, lasterketari loturiko beste hainbat gai jorratuko dira bere orrialdeetan: ingurumenaren zaintza, segurtasuna, emozioen kudeaketa, ekipamentua… Informazio osatua, Behobia-Donostia berri bati behar den modura aurre egiteko.