Bulebarreko kioskoa itxi behar izan du
Aurre egin ezinezko gastuak eta salmenten jaitsierak direla eta, Xoan Suarez arduradunak baja hartu zuen. Udalak ezartzen duen kanona gehiegizkoa dela dio.
Bulebarreko 22. zenbakian dagoen kioskoak duela hilabete eta erdi saldu zuen bere azken egunkaria. Egungo arduradunak 2018ko urtarrilean hartu zuen kioskoa, Donostiako Udalak antolatu zuen lehiaketa publikoa irabazita. Aurretik, Vicky Hernandezek eta Roberto Cigandak 30 urtez kudeatu zuten negozioa, jubilatu egin ziren arte. Suarezek asmo horrekin ekin zion erronka berriari, erretreta hartu arte egunkariak saltzen lan egiteko ilusioarekin, alegia. Topatu duen errealitate gordinak, ordea, ixtera behartu du.
Udalak kioskoari ezarritako kanona da jasan behar izan duen oztopo nagusia. Kioskoa jabetza publikokoa da, eta udalak lehiaketa bidez egokitu zion bere kudeaketa. Hala ere, saltokia lehen mailako zonaldean kokaturik dagoenez, negozioaren kudeatzaileak 4.200 euroko kanona ordaindu behar dio urtero udalari, eta gaur egun «aurre egin ezinezko gastua» dela salatu du. «Urtetik urtera, prentsa idatziaren salmentak nabarmen egin du behera, baina udalak kuota hori berdin mantendu du azken hogei urteetan zehar».
Konpetentzia handia
Saltoki handiek konpetentzia «handiegia» egiten diotela adierazi du Suarezek: «Ogi Berrik, La Tahonak eta gasolindegiek lasaitasun osoz sal ditzakete egunkariak, eta horrek konpetentzia biderkatu egiten digu kioskoei, eta jada salmenta orokorra beherantz badoa, ba…». Eta, hori gutxi balitz, banatzaileek, euren salmenten beherakada orekatzeko asmoz, kioskoei garraio kanon bat ezarri berri dietela azaldu du Suarezek, eta horrek saltzaileen egoera are gehiago zailtzen duela.
Atsedenik gabe
Kioskoa irekita mantendu ahal izateko egundoko gurutze-bidea jasan behar izan du Suarezek azken urte eta erdian. Udalaren zesio publikoaren hitzarmenak zehazten du kioskoak urtean 362 egunetan egon behar duela irekita, eta saltzaileak astelehenetik igandera egun osoko lanaldiak egin dituen arren, egoerak gainezka egin dio azkenean.
Udan turisten gorakadari esker ateratako etekina ez da nahikoa udalak zehazturiko kanona ordaintzeko, eta urtean zehar irabazitakoarekin ez dago inguruan alokairu bat ordaintzerik ere. Besteak beste, lanarengatik jasandako presioagatik baja hartu behar izan zuen duela hilabete eta erdi, eta horrek suposatu dizkion galera ekonomikoek kioskoa ixtera behartu dute.
Ez du laguntzarik jaso
Bizi duen egoerari irtenbide bat topatzeko asmoz, udalarengana jo zuen Suarezek, eta prentsa idatzia zein kioskoak «babestu beharreko ondarea» direla argudiatuz, nolabaiteko laguntza bat eskatu zien bertako teknikariei. Azaldu duenez, «beste hiri askotan, kioskoei udal zergak kendu egin dizkiete, horiek babesteko helburuarekin», baina udalak eman zion erantzuna oso bestelakoa izan zen saltzailearen arabera: «Esan zidaten jendeak digitala nahiago badu, beraiek ezin dutela ezer egin».
Donostiako Udalak hedabide honi ez dio baieztatu kioskoaren egoera ezagutzen duen edo ez, baina adierazi dute egungo arduradunak kioskoaren baldintzak ezagutzen zituela zozketa bidez egokitu zitzaionean. «Jarduera hori gune publiko horretan jartzeko egiten den balorazioaren araberakoa da ordaintzen dena». Kioskoaren etorkizunaren inguruan galdetuta, ez dute informaziorik eman.
Ilusioa zapuztu zaio
«Auzoko jendeak eskerrak ematen dizkit kioskoa berriro irekitzeagatik», adierazi zuen Suarezek negozioa hartu eta egun gutxira. Irutxuloko Hitzak elkarrizketa egin zion Bulebarreko kioskoaren arduradun berriari. Duela lau urte inguru etorri zen Donostiara, eta kioskoaren lehiaketa publikoan izena ematea erabaki zuen. «Langabezian geratu berri nengoen une horretan, eta probatzea erabaki nuen. Handik hilabetera kioskoa niri egokitu zitzaidala esan zidatenean, sekulako ezustekoa izan zen niretzat».
Etorkizuna hirian irudikatu zuen galiziarrak. «Sustraiak finkatu nahi ditut hemen. Gustura nabil eta lanbide gisa duina iruditzen zait», esan zuen Suarezek. Kioskoa hartu aurretik supermerkatu batean egin zuen lan, eta kioskoa egokitu zitzaionean aurrera egitea erabaki zuen. «Supermerkatuan nenbilenean desberdina zen. Jendearekin nuen harremana askoz ere hotzagoa zen».
Ia bi urte igaro ondoren, hasierako ilusio hura zeharo zapuztu zaio galiziarrari.