Erraustegiaren aurkako aldarria Behobia-Donostiaren helmugara iritsi da
Gipuzkoa Zutikek eginiko bi ekintzaren bidez, Zubietako erraustegiaren aurkako aldarria presente egon da aurtengo Behobia-Donostian. Batetik, lasterketako irabazleak helmugara iristeko unean, taldeko kideek erraustegiaren aurkako banderolak luzatu dituzte ibilbidearen bi alboetatik, helmugan zeuden kameren aurrean.
Hurrengo bideoan argi ikusi daiteke haien jokaldia:
Bestetik, lasterketako azken korrikalariak Bulebarrera iristen ari zirela, agintari politikoez mozorroturiko lau ekintzailek agerraldi xelebrea egin dute helmuga parean. Eneko Goia alkatearen, Ernesto Gasco alkateordearen, Markel Olano ahaldun nagusiaren eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren maskarak zeramatzaten, eta baita “Incinerunners” zioen pankarta zabal bat ere, gainean hurrengo mezua zuena: “Korri! Erraustegia 5 km-tara”.