Txillardegiren izena jarri diote Carlos Santamaria Zentroko areto bati
Politikari, hizkuntzalari eta idazle donostiarra EHU-ko irakaslea ere izan zen 20 urtez. Asteazkenean, 11:00etan, gorazarre ekitaldia egingo diote aretoa inauguratzeko.
Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ euskaltzalearen omenez, Euskal Herriko Unibertsitateak bere izena jarri dio Carlos Santamaria Zentroko areto bati. Politikari, hizkuntzalari eta idazle donostiarra EHU-ko irakaslea ere izan zen 20 urtez, eta unibertsitateak katedratiko emeritu izendatu zuen 1999an, 70 urte zituela.
Asteazkenean, 11:00etan, gorazarre ekitaldia egingo diote aretoa inauguratzeko. Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak egingo du ongietorria, eta gero Jone Forcadak, Txillardegi familiaren izenean, eta Fito Rodriguez irakasleak hartuko dute hitza.
Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Soziolinguistika Klusterrak antolaturiko Txillardegi Hausnartu Sarien banaketa ekitaldia ere egingo dute. Hori amaituta, Nekane Balluerkak Euskal Herriko Unibertsitatearen errektoreak hartuko du hitza, eta gero Garazi Goñi pianojolearen emanaldiarekin itxiko dute gorazarre ekitaldia.
Aretoa zentroko liburutegiaren ondoan dago, eta sarreran Txillardegiren omenezko plaka bat dauka. Bere hormetan, berriz, panel batzuk zintzilikatu dituzte idazlearen testu batekin, bere zenbait argitalpenen azalekin, eta baita Txillardegi Gogoan Herri Ekimenaren testuekin ere. Gainera, gela-hondoan piano bat jarri dute, Txillardegik instrumentu horrekiko zuen afizioari keinu bat eginez. Areto kanpoan, berriz, liburutegiaren atarian, hainbat bitrina jarri dituzte idazlearen liburu eta objektu pertsonalekin.