"Argi nuen lehen itzulpenak euskarazkoa izan behar zuela"
Kafetegian eta liburutegian idaztea gustuko du Ibon Martinek (Gros, 1976). Bi leku estimatu hauen artean idatzi ditu bere eleberri gehienak.
Leire Altunaren sagarekin lortu du ospea, eta hain justu Isiltasunaren itsasargia (Elkar) nobela argitaratu berri du, lehen atalaren euskarazko itzulpena. Era berean, La danza de los tulipanes (Plaza & Janes) seigarren nobela plazaratu du. Donostiarraren literatur emariak ez du etenik, eta dagoeneko zazpigarren eleberria prestatzen ari da.
Idazle ospetsua bihurtu zara eta zure eleberrien milaka ale saldu dituzu. Arrakastaz jabetu zara?
Ba, azken asteetan, bai. Orain promozioan ari naizelako niregana hurbiltzen dira hainbat leku batera edo liburudenda batera sartzen naizenean. Nire azken eleberria asko gustatu zaiela esan didate. Egia da hau gertatzen dela promozio garaian. Gero urtebete inguru guztiz lasai ibiltzen naiz, baina promozioa hasten denean nire aurpegia hedabideetan agertzen da, eta horrek eragiten du jendea niregana etortzea. Promozioarengatik gertatzen den fenomenoa da.
Promozio aro bikoitza bizi duzu, gainera. Bi liburu ari zara aurkezten aldi berean.
Horrela suertatu da, bai. Ohitu beharko naiz, hurrengo urtean argitalpen gehiago plazaratuko ditudalako. Batetik, La danza de los tulipanes zortzi hizkuntzatan argitaratuko didate, eta bestetik, haur literaturako bi liburu berri aurkeztuko ditut. Beraz, une honetan ez dakit zertaz ari naizen, nire azken liburu guztien istorioak nahasten ditudalako elkarrizketetan.
Euskarara itzuli den zure lehendabiziko liburua da Isiltasunaren itsasargia. 2014an argitaratu zenuen gaztelaniazkoa, eta sekulako arrakasta izan zuen. Zergatik itzuli duzu orain?
Hau dena sortu da La danza de los tulipanes liburua beste hizkuntzetara itzultzea erabaki zuelako Penguin Random House argitaletxeak. Izan ere, frantsesez, italieraz, neerlanderaz eta errusieraz plazaratuko dute, besteak beste. Hori jakin nuenean pena eman zidan nire liburu baten lehen itzulpena euskarazkoa ez izatea. Horregatik, El faro del silencio nobela hartuta joan nintzen Elkar argitaletxera. Itzulpena egin eta liburua argitaratu behar genuela esan nien, euskara ere nire hizkuntza delako. Argi nuen lehen itzulpenak euskarazkoa izan behar zuela.
Aiora Jakak itzuli du euskarara. Nolakoa izan da prozesua?
Lehenagotik ezagutzen nuen haur literaturarako idatzi ditudan liburuengatik. Oso gustura sentitu nintzen berarekin, baina beldur pixka bat nuen nire nobelaren itzulpenarekin. Ez nuen oso argi euskaraz irakurtzerakoan izango nuen sentsazioa. Ordea, Aiorarekin berehala ikusi nuen gauzak ondo joango zirela. Aurrera egitea erabaki genuen, eta azkenik, argitaratu da.
Pasa den urteko irailean hasi ginen itzulpena lantzen. Urtebeteko lana izan da gutxi gorabehera. Gainera, Aiora Quebecen bizi da, eta oso berezia izan da lan prozesua. Bukatu genuenean ibili ginen itsasargitik paseatzen. Bera Google Earth-en sartzen zen, eta Ulia gainean kokatzen zen itsasargirako bidea egiteko. Berarentzat ere berezia izan dela uste dut. Grosekoa da, eta une batez inguru horietara ekarri dudala uste dut; hau da, etxean sentitu dela. Liburua irakurtzerako orduan maitasuna nabari dut, Aiorak eskainitako dedikazioa.
Eleberri bat argitaratzean, atzera bueltarik ez dagoen arren, zerbait aldatzeko gogoa izaten duzue. Itzulpenarekin gustura geratu zara, edo zerbait aldatuko zenuke?
Begira, El faro del silencio 2013an idatzi nuen, sei hilabetetan, eta ordutik ez dut irakurri. Garai hartan askotan irakurri nuen zuzentzeko, noski. Orain berriz irakurri dut, eta niretzako liburu berri bat irakurtzea bezalakoa izan da. Urduri nengoen euskarazko bertsioa irakurtzeko. Freskotasuna sentitu dut. Gaur egun, ordea, ez nuke horren denbora laburrean idatziko nobela bat. Gero eta denbora gehiago hartzen dut idazteko, urtebete inguru. Freskotasuna lortzeko esfortzu gehiago egin behar dut orain. Ez dakit nekatuago nagoen edo exijentzia maila zein presio handiagoa dudan.
Durangoko Azokaren atarian gaude, eta termometro aparta izango da Isiltasunaren itsasargia eleberriaren harrera ezagutzeko. Dena dela, pentsatu duzu sagako beste liburuak ere euskarara itzultzea?
Nahiko nuke. Arazoa da ez dela soilik nire erabakia. Argitaletxeek zenbakiei begiratzen diete, eta askotan horren arabera hartzen dira erabakiak. Nik ilusioa jarri dut, baita Aiorak ere, baina azken erabakian ez da soilik gure jarrera aintzat hartuko. Niri gustatuko litzaidake eta ahalegin berezia egingo dut hori lortzeko. Sagako liburuekin batera, nahiko nuke La danza de los tulipanes ere euskarara itzultzea. Zergatik ez?
Orain arte izandako harrerari dagokionez, konturatu naiz liburuaren aurkezpenetara gaztelaniazko bertsioa irakurri dutenak ere etortzen direla. Asko gustatu zitzaienez euskarazko bertsioa eskuratu dute familiakoei edo lagunei oparitzeko. Horrek erakusten du literatur genero honek badituela irakurle euskaldunak.
Literatur ibilbidea gaztelaniaz abiatu zenuen. Zergatik?
Azkenean, nire hizkuntz aberastasunagatik. Nire ama hizkuntza gaztelania da, eta gaztelaniaz askoz erosoago sentitzen naiz. Irakurtzerakoan espero duzuna aberatsa izatea da, eta ez prekarioa. Nik euskaraz idatz dezaket, baina ez daukat horrelako aberastasunik eta pobre geratuko litzateke. Pena izugarria ematen dit, eta gustatuko litzaidake haurrentzako liburuekin saiakera egitea hasieratik euskaraz idatzita. Momentuz, ordea, ez naiz ausartu haurrek ere literatura aberatsa merezi dutelako, eta testuen aberastasun hori Aiorak lortzen du.
La danza de los tulipanes da zure seigarren nobela. Ez du loturarik ospea eman dizun sagarekin, baina baditu antzekotasunak. Hala nola, emakumezko bat da protagonista. Zeintzuk dira desberdintasunak?
Nire ustez desberdintasun handiena protagonista da. Orain arte Leire Altuna izan da; nolabait, nire alter egoa. Idazlea da eta idazle baten bizimodua du. Itsasargi batean bizi da, ni ez bezala. Liburu berrian, ordea, Ane Cestero da protagonista, eta ez da idazlea, ertzaina baizik. Polizia-nobela bat da eta ertzainak dira pertsonaia nagusiak. Ertzaintzaren unitate berezi bat sortu dut istoriarako, eta hainbat kasu aztertuko dituzte Euskal Herrian zehar. Gertaera jakinak ikertuko dituzte, eleberrian gertatzen denaren parekoak. Lehen orrialdean hilketa bat kontatzen da. Natalia izeneko kazetaria erail eta tulipa bat jartzen diote gainean. Hilketak oihartzuna izango du, eta aipaturiko ikerketa taldeak hartuko du kasua.
Euskal Herriko hainbat paisaia bisitatu dituzu nobelatan. Urdaibain kokatu duzu azken eleberria. Nondik datorkizu paisaien behatzaile lan hori eta istorioak halako lekuetan kokatzearena?
Idazle izan aurretik gidaliburuak egiten nituen. Orain arte 300 bat ibilbide jaso ditut gidaliburuetan. Euskal Herriko leku guztiak ez, baina gehienak ezagutzen ditut. Gainera, leku asko daude ibilbide bat baino gehiago dutenak. Horiek dauzkat buruan, eta horregatik kokatu nuen istorio bat Platako itsasargian. Niretzat, Pasaia eta Ulia bereziak dira, eta are bereizgarriagoa iruditzen zait menditik Donostia eta Pasaia arteko ibilbide basatia.
Oraingoan Urdaibai aldera eraman dut kontakizuna euskal kostaldeko eremu politenetakoa delako. Hango bizitza ere berezia da. Garai bateko esentzia mantentzen dute Urdaibaiko herriek. Gernikako azokara joatea gustuko dut, trena hartu eta Bermeora joatea eta kaleko jendeari entzutea … Idatzi nahi nuen istorio berria pentsatu nuenean, berehala ikusi nuen Urdaibain kontatu behar nuela.
«Lehenik paisaia bat bilatzen dut, eta ondoren leku horretan kontatu daitekeen istorioa irudikatu edo pentsatzen dut», esan zenuen elkarrizketa batean. Hori da zure eleberrien oinarria?
Bai, beti. Lehenik maitemindu behar naiz paisaia batekin, eta orduan kontatu nahi duzun hori leku horretan sentitzen duzu, era berezi batean. Irakurleak nire eleberriak irakurtzean paisaia horietan kokatzea eta inguruaz gozatzea nahi dut. Adibidez, liburua irakurtzen ari zarenean Urdaibain zaudela sentitzea. Nik paisaia horiek behar bezala sentitu behar ditu gero eleberrietan erakutsi eta azaltzeko.
Nire hurrengo eleberria Gipuzkoan kokatuko dut. Hondarribia, Jaizkibel, Hendaia eta Donibane Lohitzune agertuko dira istorioan. Hasi naiz idazten, eta une honetan maitemintze prozesuan nago. Astelehenero hara joaten naiz, eta goiz osoa pasatzen dut inguru horretan. Gauza bera egin nuen Urdaibain. Etxe bat alokatu nuen Mundakan, eta hemezortzi egun pasa nituen. Liburuari azken ukituak han eman nizkion. Nobela berriari begira, Hondarribiko Higer itsasargian denbora bat pasatzeko aukera eskaini didate.
Esan bezala, txangoen gidaliburuak idazten hasi zinen, eta gerora, nobelagintza historiko eta beltzera eman zenuen jauzia. Oinarriari dagokionez, zergatik hasi zinen gidaliburuak idazten?
Betidanik gustatu izan zaizkit. Mendia gustuko dut, baina are gehiago mendiari buruzko liburuak. 12 edo 13 urterekin oparitu zidaten gabonetan, edo nik eskatu nuen, Luis Pedro Peña Santiagoren liburu bat: Cien cumbres y rincones de la montaña vasca. Liburu horrekin lokartzen nintzen adin horretan, eta pentsatzen nuen mendi horietara igo behar nintzela. Urte batzuk beranduago egitea lortu nuen.
Kazetaritza ikasi nuen Leioan, eta batzuetan klasera joan beharrean mendira joaten nintzen. Lizentziatura bukatu nuenean gidaliburu bat idatzi nuen: Rutas para descubrir Euskal Herria. Sua Edizioak argitaletxera joan nintzen, eta esan zidaten ez zela ideia komertzial ona. Orduan kreditu baten bila joan nintzen bankura, garai hartako 7 milioi pezeta eskatu nituen, eta Travel Bug argitaletxea sortu nuen gidaliburua argitaratzeko.
2003an izan zen eta 3.000 mila ale plazaratu nituen. Berehala saldu ziren, eta nire liburu salduena da; ia 30.000 ale. Horrek eman zidan konfiantza eta askatasuna nahi nuena egiteko. Hori dela eta, urteak pasa nituen gidaliburuak idazten eta argitaratzen.
Kazetari gisa aritu zara?
Egia esan, ez. Praktika batzuk egin nituen irratian, baina ez dut kazetaritza lanik egin. Hori bai, oso bestelako lanak egin ditut. Adibidez, Atotxa zaharreko epaitegi berriaren ate guztiak jartzen aritu nintzen. Ate bakoitza kamiotik lekura eramateko zazpi lagun behar ziren. Gerora, kreditua itzuli eta gidaliburuetatik bizitzea lortu nuen.
Eta azken urtetan nobelagintzari esker, ezta?
Horrela da. Gidaliburuak idazten nituenean iritsi zen momentu bat konturatu nintzela nahiago nuela fikzioa errealitatea baino. Nire gidaliburuetan beti dago sarrera bat, eta horietan fikzioa sartu izan dut. Asko gozatzen nuen sarrera horiekin. Horregatik hasi nintzen El valle sin nombre nobela historikoa idazten. Bost urte behar izan nituen bukatzeko, jolas gisara hartu nuelako. Ez nuen argitaratzeko asmorik, baina azkenean mila ale ateratzea erabaki nuen, eta ezustean, harrera ona izan zuen.
Burutik pasa zaizu nobela beltz bat hasieratik euskaraz idaztea?
Amets bat betetzea izango litzateke. Izan ere, horrek esan nahiko luke nire euskara maila asko hobetu dela. Duela bi urte ez nintzen ausartuko elkarrizketa bat euskara hutsean egitera, eta orain posible dut. Ikusten ari naiz nire euskara maila asko hobetzen ari dela. Nolanahi ere, oraindik ez dut mailarik eleberri bat euskaraz idazteko.
Nobela beltzarekin egin zara ezaguna, baina aipatu duzun gisara haur literatura ere idatzi duzu, ezta?
Orain dela urtebete hasi nintzen, eta arrakasta izan du Oninen abenturak liburu-sortak. 7 eta 11 urte arteko haurrei zuzendurikoa da. Protagonistak euskaldunak dira, eta abenturak Euskal Herrian kokatzen dira. Gainera, euskal mitologiarekin eta historiarekin dute lotura, misterio kutsua dute, eta pertsonaiek beti dute zerbait ikertzeko.
Dagoeneko hiru abentura liburu argitaratu dira, eta 10.000 ale baino gehiago saldu. Arrakastaz kalean ere konturatu naiz. 5 urteko alabarekin parkera joaten naizenean haurrak etortzen zaizkit galdezka hurrengo abentura noiz plazaratuko dudan.
Donostiak berezitasun asko ditu. Zinemaren hiria dela esan ohi da. Zientziarena ere badela aldarrikatzen dute. Literaturari dagokionez, idazle ezagunak ditu euskaraz zein gaztelaniaz idazten dutenak. Literatur hiria da ere?
Bai, noski. Gauza asko daude hirian kultura bultzatu eta sustatzen dutenak. Zinema hiria dela badakigu, eta Donostian literaturak ere presentzia nabaria du. Bestalde, hirian irakurle asko daude eta literatura asko kontsumitzen dela jakina da. Horrek dakar gerora hemen ere idazleak sortzea.
Dolores Redondo, Fernando Aranburu eta zu zeu nabarmendu zarete azken urtetan gaztelaniazko literaturari dagokionez. Hiruak zarete donostiarrak, eta literatura generoak gora behera, hiruek arrakasta nabaria lortu duzue. Harremana duzu eurekin?
Dolores ezagutzen dut, eta nobela beltzaren jarraitzaile sutsua naizen aldetik gustuko ditut haren liburuak. Aldiz, Fernando ez dut ezagutzen, eta Patria eleberria ez dut irakurri.
Euskal kultura eta literaturarentzat gaztelaniaz idazten duten idazleak aparte geratzen dira. Batzuetan esaten da ez zaretela euskal literatura. Ados zaude horrekin?
Bai eta ez. Bereizketa hori nik uste nuena baino txikiagoa da. Sentitu izan naiz aparte, baina Oninen abenturak argitaratu nituenean, eta orain, Isiltasunaren itsasargia, gauza batetaz konturatu naiz. Arazoa ez zen nik ez idaztea euskaraz, baizik eta nire liburuak euskaraz irakurtzeko aukerarik ez zegoela. Orain ez naiz baztertua sentitzen gaztelaniaz idazteagatik.
Redondoren literatur saga arrakastatsua zinemara eraman dute. Aranbururen eleberriarekin, berriz, telesail bat filmatu dute. Zure lau liburuko saga irudikatzen duzu telesail eta film gisara?
Pantailan ikustea gustatuko litzaidake, baina sekulako errespetua ematen dit. Liburu batean oinarrituriko filmekin beti errezelo moduko bat izaten dugu, ba pentsa liburua zuk idatzi baduzu. Beraz, bai, irudikatzen dut Leire Altunaren istorioa, eta nahiago nuke telesaila izatea. Istorioa kontatzeko egokiagoa iruditzen zait. Badakit Penguin Random House argitaletxea mugitzen ari dela, eta EITBrekin ere bilera bat izan nuen. Deitu ninduten duela hilabete inguru, eta ateak ireki zizkidaten.