Unai Gaztelumendi bosgarren gelditu da Gipuzkoko Bertsolari Txapelketako lehen finalerdian
Arrasateko Uarkape pilotalekuan egin zuten atzo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa. Orotara sei bertsolarik kantatu zuten, horien artean Unai Gaztelumendi donostiarrak; oholtzaren gainean izan ziren ere Eñaut Martikorena, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Unai Mendizabal, eta Iñaki Apalategi.
Agin Laburu gailendu zen atzoko saioan, eta, hortaz, finalerako txartela lortu du Astigarragakoak. Gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera, eta hurrengo bi finalerdietan erabakiko da. Bigarren finalerdia datorren igandean, azaroaren 24an izango da, Oiartzunen, eta hirugarrena, abenduaren 1ean, Tolosan.
Atzoko saioan Iker Iriarte aritu zen gai jartzaile lanetan, eta honakoek osatu zuten epaimahaia: Aitor Gereñu Agirre, Eneritz Azkue Basurko, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Ayestaran eta Mikel Urteaga Azkue. Idazkari lanetan, aldiz, Joxemari Altuna Berridi eta Silvia Etxaniz Alberdi aritu ziren.
Honakoak izan ziren Arrasateko saioan bertsolariek lortutako puntuazioak:
- Agin Laburu Rezola…………………501
- Nerea Elustondo Plazaola………467
- Iñaki Apalategi Astigarraga……..459
- Unai Mendizabal Jauregi…………452
- Unai Gaztelumendi Arandia…….447
- Eñaut Martikorena Lizaso………..434
Beñat Gaztelumendi Oiartzunen
Azken fasean sartu da Gipuzkoako txapelketa, eta, guztira, hemezortzi bertsolari ariko dira lehian. Datozen egunetan gelditzen diren bi finalaurrekoetan erabakiko da Ilunbeko finalean nor arituko den bertsotan. Datorren larunbateko saioan, azaroaren 24ko finalaurreko saioan, parte hartuko du Beñat Gaztelumendik. Oiartzungo Elorsoro kiroldegian izango da, 17:00etatik aurrera eta bost bertsolari izango ditu alboan: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz eta Iñigo Mantzisidor.
Datozen bi saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira han, 16:00etatik aurrera.