Haurren minbiziaren kontrako zesta punta partida antolatu du Aspanogik
Hirugarren urtez jarraian, Aspanogik, Gipuzkoako Haur Minbiziadunen Gurasoen Elkarteak, haurren minbiziaren aurkako zesta punta antolatu du. Hilaren 23an izango da 17:00etan, Karmelo Balda pilotalekuan.
Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen egitasmoaren helburua ondorengoa da: gizartea haur minbiziarekin sentsibilizatzea. Aspanogiren egitasmoa babestu eta diruz lagundu dute Donostiako Udalak eta Onkologikoak.
Zesta puntako partidari dagokionez, sarrerak egunean bertan jarriko dira salgai Karmelo Balda pilotalekuan (15:30etik aurrera). Haurrentzako sarrerek 5 euro balioko dute eta helduentzako sarrerek 10 euro. 16:00etan infantilek eta jubenilek kiniela egingo dute partida berotzen hasteko. Azkenik, partida 17:00etan hasiko da. Lagunartekoa jokatuko dute hiru bikote hauek: Goikoetxea-Urtasun, Egiguren-Lopez eta Olharan-Etcheto. Bikote bakoitzak honako kolore bat izango du: urdina, arrosa eta zuria.
Partidako aurkezle lanak Xabier Euzkitzek egingo ditu. Bestalde, Goazen telesaileko hainbat aktore han izango dira, eta dantzak zein sorpresak eskainiko dituzte. Horrez gain, partidara joaten direnen artean Elkano eta Martin Berasategi jatetxeek emandako otorduak zozkatuko dira.