EAJk eta PSE-EEk baztertu dute Antiguako luiziaren gaia udalbatzarrean lantzea
Erabakiak udal batzar aretora joan diren herritar zein kaltetuen haserrea eragin du. Oihuka hasi dira eta Eneko Goia alkateak eta udalbatzako presidenteak isiltzeko eskatu die.
Eguneko zerrendatik kanpoko hiru gai eraman dituzte udal taldeek azaroko udalbatzarrera. EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak eskaera bana aurkeztu dute Antiguako luiziaren inguruan azalpenak eskatzeko. EAJk eta PSE-EEk biak baztertu dituzte, eta PP azalpen horiek eskatzearen alde bozkatu du. Erabakiak udal batzar aretora joan diren herritar zein kaltetuen haserrea eragin du. Oihuka hasi dira eta Eneko Goia alkateak eta udalbatzako presidenteak isiltzeko eskatu die.
Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak alkateari eskatu dio azalpenak emateko Antiguako ezbeharraren inguruan. Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak, berriz, gertaturikoaren azalpenak emateko eskatu dio udal gobernuari. PSE-EEko ordezkariek ez dute hitza hartu ezezko bozka azaltzeko. EAJk, ordea, hitz egin du. Jon Insausi bozeramaileak nabarmendu du udal gobernuak neurriak hartu dituela gertaturikoaren inguruan. Lur-jausia zerk eragin duen argitzeko udal teknikarien txosten guztiak falta direla gaineratu du. Dena dela, orain arte teknikarien bidez jasotako informazioaren arabera udal gobernuaren hipotesi nagusia ondokoa da: lur-jausia azken egunetako euriek eragin dutela.
Bozketaren ondoren sortu da eztabaida. EH Bilduko bozeramaile Reyes Carrerek eskatu dio Goiari hitza emateko aretora joan diren herritarrei. Alkateak aukera baztertu du udalbatzarraren araudiak ez duelako horretarako aukerarik ematen. Gogoratu du herritarrek bide bat dutela udalbatzarrean parte hartzeko. Carrerek, ordea, erantzun dio udalbatzako presidenteak aukera duela herritar bati hitza emateko. Azkenik, Goiak mikrofonoa itzali dio Carrereri udalbatzarrarekin aurrera jarraitzeko. Joan diren kaltetu eta herritarrak aretotik kanpora eraman dituzte.