Antiguako lur-jausia zerk eragin zuen argitzeko ikerketa bat bideratu du udalak
Eneko Goia alkatea Zarautz kaleko kaltetu hainbatekin elkartu da udaletxean, Antiguako ezbeharraren inguruko ezohiko batzordearen ostean.
Hilaren 19ko Antiguako luizia zerk eragin zuen argitzeko dago. Hori dela eta, Donostiako Udalak ikerketa geologiko-geotekniko bat eskatu dio Ikerlur enpresari, eta txosten tekniko hori “ahalik eta azkarren” izatea espero dute. Aldiz, Hirigintza sailak egindako aurretiazko ikerketa txostenaren arabera, euriteek eragin zuten lur-jausia. Zarautz kaleko bizilagunek, ordea, uste dute metroaren lanek lotura dutela gertaturikoarekin.
Lurraldearen Garapen eta Planifikazioaren ezohiko batzordea egin dute udaletxean, gaur goizean. Eneko Goia alkateak parte hartu du Antiguako ezbeharraren inguruko azalpenak emateko. Bizilagun kaltetuei hitza emateko eta euren segurtasuna bermatzeko eskatu dio Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak. Horrekin batera, luiziaren arrazoiak argitu behar direla esan du Elkarrekin Donostiaren bozeramaile Aitzole Aranetak.
“Alkateari bilera bat eskatzea da bidea, eta ez udalbatzarrean edo batzorde batean”, adierazi du Goiak. Zarautz kaleko lur-jausiari dagokionez, udalak hasieratik zuzen jokatu zuela azpimarratu du, eta baliabide guztiak jarri zirela bizilagunei laguntzeko. “Denek jokatu zuten protokoloaren arabera. Izan ere, lehen neurria izan behar da profesionalei lan egiten uztea”. Horrela, bizilagunen segurtasuna bermatze aldera, hilaren 20an sare bat jarri zen mendi magalean, eta eroritako materiala erretiratzen hasi ziren.
Mendi magalaren historia
“100 urte baino gehiago ditu mendi magaleko hormak, eta historikoki arazoak eman ditu”, adierazi du Goiak. 1992tik gaur egun arte beste lur-jausi batzuk izan ditu mendi magalak, eta egonkortzeko hainbat neurri hartu behar izan dira. “Horma hori ez da publikoa, eta jabearen ardura da zaintzea”, azaldu du. Izan ere, Antiguo Berri promotora da lurren jabea.
Ikerlur enpresak azken 30 urtetan mendi magalaren inguruko hainbat txosten geotekniko egin ditu, eta orain arte egin den azkena nabarmendu du Alkizak: “ETSk txostena eskatu zion enpresari metroaren lanekin hasi aurretik. Txostenak dio Zarautz kaleko mendi magala ezegonkorra dela eta zartadurak dituela. Txostena kontrakoa izanik, larria iruditzen zait lanak baimentzea”. Alkateak erantzun dio ETSrentzat txosten hori ez zela “erabakigarria” izan, egin diren lanak 22 metrora daudelako.
Bizilagunekin bilera
Ezohiko batzordea bukatzerakoan Goia aretoan zeuden bizilagunengana joan da, eta jarraian alkatearen bulegoan bildu dira. Aurrez, batzordean, barkamena eskatu du bizilagunekin “horren gertukoak” izan ez badira. Bileran bizilagunek euren kezkak azaldu dizkiote alkateari, eta udalak eskura duen informazioa helarazi diela esan du Goiak.