Vertiz Motor kontzesionarioaren lursaila desjabetzeko baimena du udalak
Urumea ibaiaren bideratze lanen bigarren faseak aurrera egiteko beharrezkoa da kontzesionarioa dagoen lekutik kentzea.

Donostiako Udalak baimena du Martuteneko Vertiz Motor enpresaren lursaila desjabetzeko, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren ebazpenaren arabera. Urumea ibaiaren bideratze lanen bigarren faseak aurrera egiteko beharrezkoa da kontzesionarioa dagoen lekutik kentzea. Enpresak salatu izan du desjabetzeak 20 langileren kaleratzea eragingo duela.
Uholde Arriskuaren Kudeaketa Planaren barruan dago lursaila, eta 2016an errege-dekretu bidez onartu zuen Uraren Euskal Agentziak (URA). Vertiz enpresa eta udala hiru urtez aritu dira negoziaketetan, baina ez dira ados jarri. Kontzesionarioak ez du lursaila saldu nahi, eta udalak proposaturiko lekualdaketak baztertu ditu.
Akordio faltari aurre egiteko, Desjabetzeko Lurralde-Epaimahaiak pasa den martxoaren 15ean erosteko balio justua ezarri zuen –1,7 milioi euro–, eta udalak diru hori gorde eta ordainketa egiteko aurkeztu du. Ordea, jabeek uko egin diote hasieratik diru horri.
Udalak URAren esku utziko ditu desjabetutako lurrak. Orain arte, Uraren Euskal Agentziak 16 milioi euro ordaindu ditu Urumeako lanen lehenengo eta bigarren faseak egin ahal izateko.