Bilintx gogoan, Euskararen Nazioarteko Egunean
San Telmo Museoan egingo duten ‘Bertsoaren harria’ saioan, Bilintx ekarriko dute gogora Koldo Izagirrek, Beñat Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok.
Koldo Izagirre idazleak, eta Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbiok Bertsoaren harria. Bilintx bertso saioa egingo dute San Telmo Museoan; abenduaren 3an izango da, 19:00etan. Izagirrek joan den ekainean plazaratu zuen Bertsoaren harria liburua, Lanku kultur enpresarekin. 21 dira Euskal Herrian sakabanatuta dauden bertsolarien eskulturak, eta horiek dira Izagirreren liburuaren oinarriak. «Koldo Izagirrek eskea egin die eta harriok, brontzeok, burdinok hizketan jarri zaizkio: hogeita bat bakarrizketa harro, gozo, haserre, apar», azaldu dute Lankukoek. «Liburu berezia eta polita egin du Izagirrek» esan du, era berean, Beñat Gaztelumendik.
Bilintx, saioko protagonista
Liburuan oinarrituta, ikuskizun bat sortu dute, eta herriz herri ari dira egiten. Han izaten da Izagirre bera, hainbat bertsolarirekin. «Herri bakoitzeko busto bat oinarri hartuta, Izagirrek kontaketa bat egiten du. Kontaketa horretatik ateratzen dira gaiak, eta hortik abiatuta, bertsolariek bertso saio bat egiten dute», azaldu du Gaztelumendik.
Asteasun Pello Errotak, eta Hernanin Txirritak bezala, Donostian Bilintxek ere badu bere omenezko eskultura, Polloe hilerrian. San Telmon egingo duten saioan, Bilintxek «nahikoa espazio» hartuko duela uste du Añorgakoak. «Ez dakit saioaren iraupena zenbatekoa izango den, baina Maialen eta biok saio polita egiten saiatuko gara», gaineratu du. Bertso saioa doakoa izango da.
Euskararen Eguna, San Telmo Museoan
Euskararen Egunaren harira, gure hizkuntzak leku berezia izango du San Telmo Museoan. Bagera elkarteak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, San Telmo Museoak eta Mintzanetek elkarlanean hainbat jarduera antolatu dituzte, azaroaren 29tik abenduaren 4ra. Besteak beste, erakusketak, kontzertuak, hitzaldiak eta mintzodromoak egingo dituzte.