"Irrikitaldian poliziarena egiten dut beti, eta primeran pasatzen dut!"
Igandeetako bermutaren zale sutsua da Nerea Aranburu aktorea (Gros, 1994). Ofizioz erizaina bada ere, hainbat lekutan antzezten du, hala nola, Barrexerkan eta Irrikitaldian.
Zergatik aukeratu duzu Ostertz?
Grosekoa naiz eta Parte Zaharrean asko ibiltzen naiz, beraz, argi neukan Grosen edo Parte Zaharrean izango zela. Zaila izan da aukeratzea, maiztasunarekin joaten garen taberna asko jada atal honetan atera dituzuelako, Pandora, esaterako. Baina Ostertzera askotan etortzen gara eguraldi onarekin.
Duela gutxi sare sozialetan esan zenuen pisua topatu duzula bermuta hartzen duzun tabernatik gertu.
Familiarekin igandero joaten naiz bazkaldu aurretik bermuta hartzera, eta kostata bada ere, azkenean pisua aurkitu dugu, kasualitatez bermuta hartzen dugun tabernaren ondoan. Gaur itxita zegoelako [elkarrizketa hau astelehenean eginda dago], bestela hara eramango zintudan.
Zein taberna da hori?
Roberto taberna, bermut zoragarriak egiten dituzte.
Duela gutxi gure astekariko denborapasetan agertu zinen, eta hori ere sare sozialetan jarri zenuen.
Lagun batek argazkia bidali zidan, eta harrituta gelditu nintzen. Familiako taldera bidali nuen argazkia, eta aitak galdetu zidan, ‘zer erantzun behar dute?’. Nik esan nion, ‘zer erantzungo dute ba, izena eta abizena!’. Eta aitak esan zidan, ‘baina nork jakingo ditu zure izen-abizenak?’ [barreak].
Grosekoa zara, baina Parte Zaharrean asko ibiltzen zara, ezta?
Lagunekin beti Parte Zaharrean ibili izan naiz, Parte Zaharra da gure etxea. Gaztetatik han ibili izan gara, eta Ikatz kalea beti izan da gure erreferentzia parranda botatzeko. Bakarrik baldin bazaude ere, hara joan eta beti topatzen duzu norbait, eta eskertzen da horrelako txoko bat.
Horren harira, nola ikusten duzu Donostia?
Azken urteetan asko aldatu da hiria –etxebizitzan eta beste hainbat arlotan hartu diren erabaki politikoengatik–, baina nik uste dut non begiratu baldin badakizu, bagaudela, badagoela gu bezalako jendea gauzak egiten.
Posible da Donostian aktore izatetik bizitzea?
Ni berez erizaina naiz, baina oso zaila ikusten dut! Barrexerka taldearekin, esaterako, gauzak egiten ditugu, baina gehienak motu proprio. Ez daukagu ia diru laguntzarik, antzezlanak egiteko lekuak lortzeko zailtasun handiak izan ditugu eta ezezko asko jaso ditugu. Hortik bizitzea niretzat, pertsonalki, ezinezkoa da; denbora asko eskaini behar diozu, ezezko asko jasotzeko prest egon behar duzu, baita hilabete oso txarrak izateko ere.
Erizaina zarela esan duzu. Beraz, antzerkia hobby bat da zuretzat?
9 edo 10 urterekin hasi nintzen Zurriola Ikastolako antzerki eskolan, beraz, antzerkia niretzat gauza normal bat izan da beti; pertsona batzuentzat kirola izan dena izan da niretzat antzerkia. Talde horretan jarraitzen dut, baina egun batean Mikel [Irazusta] eta Maialen [Sorzabalbere] etorri ziren, Barrexerkako gure aitatxo eta amatxoak, Barrexerka proiektua azalduz. Bestalde, Hiru Damatxorekin egin ditudan gauzak ahoz-aho sortu dira, kasualitatez. Egin ditudan gauza guztiak oso lagunartekoak izan dira beti, eta ez daukat neure burua aktore profesionaltzat, ezta pentsatu ere!
Zurriola Ikastolako antzerki eskolarekin emanaldiak egiten dituzue?
Bai, hor jarraitzen dugu, eta aurten ere antzerki emanaldi bat egingo dugu. Soilik esan dezaket Monty Python euskaratu dugula.
Barrexerkarekin bira bat egingo duzue orain Donostiatik kanpo.
Oso pozik gaude lortu dugunarekin, baina orain arte egin izan duguna da antzezlan bakoitzerako lan guztia berria egitea. Beraz, egindako lana pixka bat birziklatzea planteatu dugu, bestela lan guztia egun bakarrean gastatzen dugulako. Tour txiki bat egingo dugu lortu ditugun leku horietatik, eta Euskararen Egunerako ere emanaldi bat daukagu Antzoki Zaharrean.
Asko gara taldean eta bakoitzak bere lana dauka, beraz, zaila da hori guztia antolatzea. Mikel eta Maialen dira lan gehiena egiten dutenak, eta Barrexerkak jarraitzen badu, beraiengatik da.
Irrikitaldiko antzerkian ere beti hartzen duzu parte. Nolakoa da hor antzeztea?
Irrikitaldiko antzerkikoa jende ezaguna da, lotsa gutxi daukana eta ondo pasatzeko gogoak dituena; oso ondo pasatzen dut. Oso dibertigarria da, mundu guztia paperean sartuta egoten delako. Poliziarena egiten dut beti, eta primeran pasatzen dut. Argazki guztietan jotzen hasteko moduan azaltzen naiz. Bestalde, esan behar dut aktoreen aurpegiak direla ikusten direnak, baina hor atzean dagoen lantaldeak sekulako lana egiten duela.
Atzean Zuloa Youtubeko kanaleko esketxak egiten zenituen lehen. Kanala bertan behera dago jada?
Stand by moduan dago hori, agian gauza berriren bat egingo dugu, baina ezin dut gehiago hitz egin. Barrexerkan bezala, Hiru Damatxorekin ere lagun giroan egiten dut lan.
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Aitziber Garmendiaren oso fan naiz. Egiten duen guztiak grazia asko egiten dit, eta oso neska jatorra iruditzen zait. Hain zuzen, Barrexerkarekin goaz abenduan bere antzezlan bat ikustera. Bestalde, umorearen munduan, Berto Romero eta Andreu Buenafuenteren Nadie Sabe Nada irrati saioarekin barre asko botatzen ditut, Monty Pythonen umorea ere izugarri gustatzen zait, eta Herri txiki, infernu handi telebista saioarekin ere barrez lehertzen naiz.
Telebistan euskarazko umore nahikoa dagoela uste duzu?
Gauzak badaude, baina hutsune bat dago, noski. Hain zuzen, Barrexerka hutsune horretatik sortu zen, ikusi genuelako ez zegoelako sortzaile gazterik euskarazko umorea egiten.
Agian, egunen batean, Barrexerkarekin egon zaitezkete telebistan.
Ea egia den! Hau irakurtzen badute, agian…
Zein umore mota gustatzen zaizu?
Denetarik. Umore beltza, esaterako, oso gustuko dut. Nire ustez, mugak egon behar dira, eta umorea behetik gora egin behar da, baina muga horretan mugitzea gustatzen zait, beti errespetuz.
Gaia pixka bat aldatuz, Iruñean egon zinen joan den asteburuan, Berri Txarrak ikusten. Zer moduz zaude?
Oso triste nago. Txikitan hasi nintzelako Berri Txarrak entzuten, eta despedidak ez zaizkit batere gustatzen. Familiarekin joan nintzen, eta oso ondo pasa nuen; nire ahizparengatik ezagutu nituen eta berarekin esan diet agur.