Lau herritar epaituko dituzte Zubietako erraustegira egindako martxa batean parte hartzeagatik
Epaiketa hau "jauzi kualitatiboa" dela dio Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, "erraustegiaren loturiko aktibismo soziala epaitegietara eraman nahi dutelako lehen aldiz".
Iazko irailaren 23an Zubietako erraustegira martxa bat egin zuten, eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu dutenez, lau pertsona epaitegira deitu dituzte Ertzaintzaren salaketaren ondorioz. “Ia 2.000 lagunek parte hartu genuen protesta harekin desordena publikoak eragin izanaren erantzule gisa ikertuak direla esan diete”.
Zubietakoak dira bi, Lasartekoa bat eta Donostiakoa beste bat. “Gure elkartasun osoa beraiekiko eta mespretxu osoa, klima aldaketaren aurka daudela esan arren, Gipuzkoako gune kutsatzailerik handiena izango dena inposatzeko egin ahalak eta bi egiten ari diren EAJ eta PSEko agintariekiko”. Ohar bidez adierazi dute egun hartan Ertzaintzak “biolentzia” erabili zuela era baketsuan protestan ari ziren herritarren aurka. “Erraustegien aurka mundu osoko 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak ere Ertzaintzaren bortizkeria salatu zuen”.
Epaiketa hau “jauzi kualitatiboa” dela diote, “erraustegiaren loturiko aktibismo soziala epaitegietara eraman nahi dutelako lehen aldiz”. Dena dela, ez dute ahazten erraustegiaren proiektua gelditu zuten arduradun politikoen aurkako epaiketak “sustatu” izan dituztela, “Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurka mafia baten gisa jokatuz”.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak errausketaren aurka dauden herritarrak “beldurtu” nahi dituztela esan dute. “Protesta sozial erabat zilegia kriminalizatzeko saiakera da, eta laster piztekoak diren eta frogekin dagoeneko ingurunea kutsatzen hasi den erraustegiaren aurkako protestetan jendeak ez parte hartzea bilatzen dute. Argi esango diegu ba: Ez dute lortuko, ez gaituzte kikilduko”.
Mobilizazio berriak iragarri dituzte. “Etsita eta etxean nahi gaituzten arren, protestan jarraituko dugu”. Horregatik, elkarretaratzeak egingo dituzte datorren astetik aurrera Egiako epaitegiaren aurrean. Abenduaren 4an 11:00etan, abenduaren 9an 10:30ean eta urtarrilaren 9an 10:30ean.