Aritz Gorrotxategik 'Amua' poema-bilduma argitaratu du
Irun Hiria Poesia Saria irabazi du aurten Aritz Gorrotxategi idazle donostiarrak. Amua poema-bilduma izan zen saritua, eta orain Elkar argitaletxeak plazaratu du.
“Zortzi urte ziren azken poemarioa publikatu zuenetik, eta honakoan helduagoa suma dezakegu idazlearen ahotsa bere mezuetan, eta biziagoa esateko moduetan”, azaldu du argitaletxeak.
Bizitzaren ikuspegi panoramiko bat eskaintzen du idazleak poesia liburuan. “Itsasoak presentzia nabarmena du (bai gure Kantauri itsasoak, bai Mediterraneoak), eta horrekin batera ageri dira maitasuna eta erotismoa, edo arazo eta gatazka sozialak, edo heriotzaren itzala”. Estiloa, berriz, “bereziki zaindu du esaldien erritmoa eta poemen tonua”.
Gorrotxategik aurretik beste hiru poema-bilduma argitaratu ditu: Taxi bat Hamletentzat, Zaldi hustuak eta Hariaz beste.