The Upper Room eta Ispirit talde donostiarrak arituko dira Kursaal Kasinoko Gospel Zikloan
XIV. Gospel Zikloa egingo dute hilaren 5etik 8ra Parte Zaharreko Kursaal Kasinoan, eta The Upper Room eta Ispirit talde donostiarrak izango dira joko dutenak. The Upper Room taldea arituko da ostegunean eta larunbatean, eta Ispirit ostiralean eta igandean; emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, eta zortzi euroko prezioa izango dute, kontsumizioa barne.
The Upper Room 2005ean Donostian sortutako taldea da, eta Mikel San Jose abeslariak, Iñaki Miguel piano-jotzaileak, Juan Carlos Caperochipi bateria-jotzaileak eta Luciano Martin baxu-jotzaileak osatzen dute. Ispirit ere Donostiako talde bat da, eta Noa Egiguren, Lide Hernando eta Lidia Insausti abeslariek osatzen dute, Iñaki Miguel piano-jotzailearekin, Iñaki Santos organo-jotzailearekin eta Andoni E. bateria-jotzailearekin batera.