'Txillardegi Multimedia' ekitaldia egingo dute abenduaren 11n EHUn
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Txillardegi Multimedia izeneko ekitaldia egingo du abenduaren 11n, idazle eta euskaltzale donostiarraren izena daraman aretoan, Carlos Santamaria zentroan. Unibertsitateak Txillardegiri orain arte egin dizkien omenaldiei jarraipena emateaz gain, egitasmoak bere obraren estetikan sakontzea izango du helburu.
Ekitaldian, Dorleta Urretabizkaia eta Asier Hernandez aktoreek Txillardegiren testu hautatuak irakurriko dituzte, musikaz eta marrazketaz lagundurik. Izan ere, irakurketak iraun bitartean, Unai Gaztelumendi ilustratzaileak marrazki batzuk egingo ditu, eta Garazi Goñi piano-jotzaileak Mussorgskyren Erakusketa bateko margolanak piezaren zati batzuk joko ditu. Ekitaldia 13:00etan hasiko da, eta sarrera librea eta doakoa izango da.