Barrexerkako kide batek antzezlan batean eraso matxista bat jasan duela salatu dute
Barrexerka Antzerki Taldeak asteartean, hilaren 10ean, Antzoki Zaharrean egiten ari ziren antzezlanean taldekide batek jasandako eraso matxista salatu du. Azaldu dutenez, Elizaran ikastetxeko ikasleen aurrean antzezten ari zirela, “gero kamerinoetan ikusiko zirela” esan zion obra ikusten ari zen mutil batek antzerki taldeko kide bati, “gizon baten pribilegiotik egin zitekeen iruzkin matxista batek baino ezin zituen aurkitu ikaskideen barreak”. Barrexerkak nabarmendu du erasoa ez dutela “talde misto gisa” jasan, “jazarpen matxista” izan dela.
Era berean, mutil hori kanporatua izan ez zela salatu du antzerki taldeak, eta “irakasleak, tutoreak, begiraleak edo dena delakoak” erasotzailea bezain erantzuleak direla azpimarratu du, jarrera horiek ez kondenatzean “konplize” bihurtzen direlako: “Erakunde, institutu zein zentro publikoek feminismotik borrokatzen duzuela esateko, benetan ekintza zuzena egin behar da, arren, ez da hain zaila”.
Horregatik guztiagatik, erasoa gaitzetsi du Barrexerkak: “Gu ez gaituzue kikilduko, inola ere ez, eta honelakoak jasaten ditugun guztietan erantzun egingo dugu, eta horrela balitz, antzerkia guk geuk geldituko dugu erasotzailea botatzeko”.