Euskal ikus-entzunezko sektoreko emakume profesionalen topaketa egingo dute Teila Fabrikan
Hemen elkarteak antolatuta, euskal ikus-entzunezko sektorean dabiltzan 50 emakume profesional inguruk topaketa egingo dute larunbatean, hilaren 14an. 100 emakume ikus-entzunezko industrian lelopean, Egiako Teila Fabrikan egingo dituzte jardunaldiak, eta helburua izango da esperientziak trukatzea eta hainbat gairen inguruan eztabaidatzea. Gainera, Hemenek ALICE proiektua aurkeztuko du, euskal ikus-entzunezko sektorean genero berdintasuna sustatzeko plana. 11:00etan hasiko dute topaketa, eta 19:00etan amaituko dute.
Hemen elkartea duela lau urte sortu zen, euskal ikus-entzuneko sektorean lan egiten duten emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko xedearekin, eta gaur egun, 200 bazkidetik gora ditu dagoeneko. Antolatzaileek azaldu dutenez, azken hilabeteetan,”pauso garrantzitsuak” eman dira zinema sektorean emakumeen aukera berdintasuna sustatzeko, eta txanpa hori dela eta, topaketa egiteko momentu aproposa dela uste dute. Azaldu dute, besteak beste, bilkurak izan direla Madrilen, eta erabaki garrantzitsuak hartu direla: lehenengo aldiz, zortzi elkartek hartu dute parte aldi berean (CIMA, Dones Visuals, AAMMA, AMMA, Dona i cinema, MasMujeres, MIA eta HEMEN). “Zalantzarik gabe, egoera berri baten aurrean gaude”, adierazi dute.