Hiriko hainbat gune itxiko dituzte ostiralean, alerta gorria dela eta
Donostiako Udalak azaldu duenez, azkenaldian egon den denboralerik gogorrena egongo da ostiralean, Aemetek alerta gorria iragarri baitu eta Euskalmetek alerta laranja. Hori dela eta, alerta gorriari dagozkion neurriak hartuko ditu Babes Zibilak ostiraleko 00:00etatik larunbateko 8:00etara, eta hiriko hainbat gune itxiko dituzte.
Alde batetik, Pasealeku Berria oinezkoentzat eta ibilgailuentzat osorik itxiko dute, baita Salamanca pasealekua Jauregi Jeneralaren kaletik aurrera. Aldamar kalea Soraluze kaletik aurrera itxiko dute, eta Zuloaga plaza ere bai, San Telmo Museotik eta Principe Zinema aretoetatik aurrera. Kaiaren aldean, Nautikoko terraza eta pasarela itxiko dituzte.
Zurriola inguruan, hondartzarako sarbide guztiak eta Leizaola pasealekua oinezkoentzat itxiko dute, baita Kursaal zubiaren iparraldeko espaloia eta bidegorria ere.
Kontxa eta Ondarreta hondartzetako sarbide guztiak ere itxi egingo dituzte, eta Kontxako baxuetara ere ezin izango da pasa. Bestalde, Eduardo Txillida pasealekua Ondarretako arrapalatik aurrera ere itxiko dute, ‘Haizearen Orrazia’ eta Loretopearen behatokia barne.