Luizi bat gertatu da gauean Ulia pasealekuan
Asteazkenetik ostegunerako gauean, 03:00ak aldera, luizi bat gertatu da Ulia pasealekuko 124, 126 eta 128. zenbakietako etxebizitzen atzeko mendi magalean. Zorionez, behera eroritako lurra ez da eraikinetara sartu, eta ez da zauriturik egon.
Ez da beharrezkoa izan bizilagunak euren etxeetatik ateratzea, baina, prebentzio moduan, 124. zenbakian bizi direnei atzealdera ematen duten gelak ez erabiltzeko eskatu diete. Era berean, magalaren goialdean dagoen errepidea behin-behinean itxi dute, bere zati txiki bat ere erori egin delako.
Magal horretan beste lur-jauzi bat egon zen azaroaren 23an, baina ez zen etxeetaraino iritsi. Udalak jakinarazi duenez, suhiltzaileak eta eta Hiri Mantentze Zerbitzuetako teknikariak han egon ziren orduan ere, eta jabeei magal horren egoera konpontzeko eskatu zitzaien, berriro luizirik ez gertatzeko.