Easo trenbidearen urbanizazioan parte hartu nahi dute
Amara Berri, Morlans eta Amarako auzo elkarteak batu dira lurperatuko den eremuari begira proposamenak lantzeko. Udalari eta ETSri bilera bana eskatu diete.
Donostia eta donostiarrentzat izango dira metroaren lurperatze lanengatik irabaziko diren 21.000 metro koadroak. Hori dio Euskal Trenbide Sareak donostiar guztien etxeetara bidalitako azken eskuorriak. Easoko urbanizazio proiektuaren inguruko lehen xehetasunak jasotzen ditu, eta , besteak beste, ETSk 500 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten du. Lursaila Eusko Jaurlaritzarena bada ere, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko eskumena udalarena da. Horren inguruan galdetuta, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak ETSren eskuorriak dioenari garrantzia kendu dio, eta proiektua «lehen fasean» dagoela adierazi du.
Albisteak ezustean harrapatu ditu Amara Berri, Amara eta Morlansko bizilagunak. Era berean, «harrituta» daude Amara Berri, Morlanstarrak eta Amara Bai auzo elkarteak. Izan ere, urriaren 29an elkarte bakoitzak bilera bana eskatu zieten Donostiako Udalari eta Euskal Trenbide Sareari, Easoko trenbidearen urbanizazioaren inguruko informazioa jasotzeko. Oraindik ez dute erantzunik jaso. Aldiz, bilera eskaerak egin eta hilabetera atera zituen ETSk eskuorriak.
Hiru elkarteek batzea erabaki zuten auzotarrek urbanizazio proiektuan parte hartze aktiboa izan dezatela eskatzeko. Ohar bat bidali zuten hedabideetara. Espero ez zuten erantzuna jaso zuten prentsaren bidez. «Norbait beldurtu dela uste dugu. Guk oharra bidali eta hurrengo egunean egunkari batek artikulu bat argitaratu zuen ETSren asmoen berri emateko. Aste honetan, berriz, beste artikulu bat atera dute udal gobernuaren iritzia jasotzen duena. ETS eta udala mezu desberdina ematen ari dira», azaldu du Ana Urrestarazuk, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak. Gaineratu du aipaturiko hedabideak oso azaletik eman duela auzo elkarteen iritzia.
Udal gobernuak aste honetan baieztatu du partaidetza prozesu bat sustatuko duela Easoko trenbidearen etorkizuna herritarren bidez erabakitzeko. «Uste dugu beharrezkoa dela, aurtengo urtarrilean partaidetza zinegotziak proposatu zuen bezala, herritarrek parte hartzeko prozesu bat irekitzea, eremu horretan parte hartzen duten auzotar guztiek gune horren okupazioan ditugun lehentasunak azaldu ahal izan ditzaten».
Parte hartze aktiboa
Auzo elkarteek «parte aktiboa» izan nahi dute prozesuan, eta horretarako proposamenak lantzen ari dira. Nolanahi ere, duela lau bat hilabete hasi zen mugitzen Amara Berriko Auzo Elkartea, metroaren igarobidearen lanek aurrera jarraitzen dutelako. «Beste pauso bat ematea erabaki genuen», dio Xabier Berridi auzo elkarteko kideak. «ETSren bulegora joan ginen zuzenean. Easo plazan bada Topogunea izeneko bulego txiki bat, baina eraikin berean bada bulego zabalago bat. Han elkartu ginen Iban Iriondo arduradunarekin, eta metroaren igarobidearen obra arduradunarekin».
Metroaren lanak bukatzean urbanizatzeko geratuko den eremuaren inguruko informazioa ere jaso zuten. «Morlansko Udaltzaingoaren egoitzan desagertuko dira trenbideak, eta Azpeitia kaleko geltokiraino lur azpitik joango dira». Bestelako galderak ere egin zituzten, baina ez zuten erantzunik jaso. «Ez dakiguna da zer gertatuko den Familia Santuaren lursailarekin, eta haren atzean dagoen gasolindegiarekin». Ez dute lortu ETSrekin berriz ere elkartzea.
Auzotarren parte hartzea «proiektuaren deriba espekulatiboak saihesteko» eta «metro koadro horiek aisialdirako espazio publikoetan inbertitzea defendatzeko» baliatu nahi dituztela dio Urrestarazuk. Zentzu horretan, «auzoetako egunerokotasunean bizi garen herritarrentzako espazioak» nahi dituztela azpimarratu du, Esaterako, kirola egitekoak, adin tarte guztientzakoak, eta kultura, sorkuntza eta pentsamendua sustatzeko balio dutenak.
«Sekulako lana geratzen zaigu egiteko, eta ilusioa eragiten duen proiektu bat aurkeztu nahi dugu. Jendea mugitu behar dugu, bakoitzak bere auzoan Guk egin behar dugu partaidetza prozesua», azpimarratu du Berridik.