Txakurrei etxea topatzeko kafetegia
Urriaren 10ean zabaldu zuten Donostiako The Doger kafetegia, Egian. Kafetegi berezia da, kafea hartzeaz gain txakurrak adoptatzeko aukera baitago bertan. Etxe baten beharra duten txakurrak artatzen dituzte, eta inork adoptatu artean zaintzen.
Txakur-hezitzailea da Nagore Izagirre eta egoera kaskarrean dauden animalien erreskatean aritzen da. The Doger kafetegi-frankiziaren sortzaileei telebistan egindako elkarrizketa batean izan zuen proiektuaren berri, eta ideia ederra iruditu zitzaion; ostalaritzan ere aritua denez Donostian frankiziaren adar bat zabaltzea erabaki zuen.
The Doger-en dauden txakurrekin egoteko tartea erreserbatu behar da, eta diru apur bat ordaindu. Lehentasuna txakurren ongizateak duenez ez dute lekua «zirku» bilakatzerik nahi, Izaguirrek dioenez. Txakurrak ezagututakoan adoptatzeko interesa duenak prozesua abia dezake. Hainbat baldintza bete behar dituzte txakurrak etxera eraman nahi dituztenek. Era berean, adoptatutako txakurren jarraipena egiten du Izagirrek, eta behar duten jabeei laguntza eskaini. Oraingoz, bertan eduki dituzten txakur guztiak baserrietatik ekarritako txakurkumeak dira, eta lurraldeko erreskate-taldeekin harremanetan daude abandonatutako txakurrei etxe bat topatzen laguntzeko.
Txakurrak ezagutu eta adoptatzeko lekua izateaz gain kafetegia ere bada The Doger, eta janari eta edari karta dute. Izagirrek dioenez elikagai sanoak eskaintzea da asmoa, eta ekologikoak edo artisauak dira produktuak. Jendea animaliekin joan daiteke kafetegira, hauek bertan dauden txakurrei eragozpenik sortzen ez dieten artean.
Denda zabaldu dutenetik auzotarren harrera oso ona izan dela dio Izagirrek eta txakurrentzako hainbat ohe eta jostailu eman dizkietela oparitan. Kafetegia zabalik egon denetan jende ugari joan da bertara, jakin-minez, batez ere, eta orain arte zaindutako txakur guztientzat topatu dute etxea.