"105 motxiladun umeen sufrikarioa" salatzeko hainbat mobilizazio iragarri ditu Sarek
Sare eta Xua Gurasoekin Etxera herri plataformaren agerraldia Gipuzkoako Batzar Nagusien Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Batzordean. (Argazkia: Sare) Orotara, 105 “motxiladun ume” daude, eta horietatik 40 gipuzkoarrak dira. Bizi duten egoera salatzeko, eta konponbideak eskatzeko, mobilizazioak iragarri ditu Sare Herritarrak datozen egunetarako. Azken urteetan egin moduan, presoen aldeko nazio manifestazio bateratua deitu du Sarek Bilbon, urtarrilaren 11rako, Atera bidera orain presoak lelopean. Hala ere, manifestazioaren aurretik mobilizazioak antolatu dituzte lau hiriburuetan. Donostiakoa abenduaren 28an izango da, 12:00etan, eta Bulebarrean hasiko da.
Era berean, datozen egunetarako antolatu dituzten mobilizazioetan Xuaren kasuari arreta berezia jarriko diote. Xuak hiru urte beteko ditu datorren urtarrilaren 19an, eta Valentziako Picassenteko kartzelan dago bere aita Patxi Uranga eta ama Olatz Lasagabasterrekin, Usurbildik 550 kilometrora. Espainiar legediak agintzen duenez, hiru urte betetzean bere gurasoengandik banatuko dute, eta amonarekin joango da bizitzera, Usurbilera. “Honek esan nahi du, soilik hiru urterekin, bere aita, ama edo biak ikusteko asteburuetan 550km joan eta 550km etorri egin beharko dituela, hau da, 1100 km bere gurasoekin egoteko”, azaldu du Sarek.
Hain zuzen, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusien Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Batzordean agerraldia egin zuten Sarek eta Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak, eta haien eskaerekin bat egin zuten EH Bilduk, EAJ-k, PSE-k eta Elkarrekin Gipuzkoak; PP-k, aldiz, desadostasuna agertu zuen. Han izan zen ere Mari Karmen Anza, Xuaren amona, eta honakoa adierazi zien batzarkideei: “Min eta sufrimendu hau guztia saihestu daitekeela uste dut”.
“Motxiladun umeak” Egian
Abenduaren 28ko kalejirako deialdia zabaltzeko, agerraldia egingo dute hilaren 19an, ostegunean, Nestor Basterretxea plazan, 18:00etan. Sarek azaldu duenez, prestatu dituzten egitasmoak iragarriko dituzte egun horretan, eta bidelagun izango dute Porrotx; askari “goxoa” ere egongo da. Halaber, hilaren 19tik 22ra “motxiladun umeek” bisitetan bizitzen duten errealitatea “modu sentsorialean” ikustarazteko erakusketa bat ipiniko dute Egiako pasabidean.
🔵 _Porrotxekin #MotxiladunUmeak ekimen desberdinak iragartzeko hitzordua_
— Sare Donostia (@SareDonostia) December 15, 2019
📆 *Abenduak 19 de diciembre*
📌 Donostia
⏰18:00
➡ *Nestor Basterretxea plazan* (tabakalera ondoko plaza)
*>> #AteraBidera #PresoakEtxera #OrainPresoak #XuaGurasoekinetxera* pic.twitter.com/POCcVW0ikB

