Tokiko ekintzaileen eta emakumeek sortutako produktuak saltzeko Gabonetako Azoka egingo dute
Tabakalerako behe solairuko Tobacco Days liburu dendak parte hartuko du azokan. (Argazkia: Irutxuloko Hitza) Abenduaren 19an, ostegunean, 16:00etatik 20:00etara Gabonetako Inpaktu Azoka egingo dute Tabakalerako beheko solairuan. Helburu nagusia kontsumo jasangarria bultzatzea izango dela azaldu dute antolatzaileek, Impact Hub Donostia-k. Azokan, tokiko ekintzaileek eta emakumeek sortutako produktuak eta zerbitzuak eskainiko dituzte. Egitasmoa La Colmena eta Tabakalerako beheko solairuko dendekin elkarlanean antolatu dute: Arteuparte, Tobacco Days eta Lantoki.
“Azokan askotariko produktuak izango dira erosgai, besteak beste, liburu inklusiboak, birziklatutako materialarekin egindako diseinuak, eta slow papergintza”, azaldu dute. Gainera, kontzertuak eta coaching saioak ere eskainiko dituzte. Inpaktu Azokan parte hartuko du ere Donostiako Erlauntza proiektuak, eta horri esker, garaiko produktu freskoak erosteko aukera izango da.
Halaber, oparien ikuskera “berritzaile eta iraultzaile” bat sustatu nahi dute, eta, horretarako, kupoiak eskuratzeko aukera eskainiko dute, horiek oparitzeko. Bide horretan, ez-materialak diren opariei garrantzia eman nahi diete, ekonomia “desmaterializatzeko” modu bat delakoan. “Zerbitzu edo bizipenak oparitzean, pertsonen arteko loturak sustatzen ditugu, lankidetza bermatuz, eta biziaren oreka zaintzen hasi den momentu historiko honen parte izanda”, adierazi dute.

