Aurrekontuetan sartu dute Matigoxotegi futbol zelaiaren berritzea
Kostkas kirol elkartearen mobilizazioek fruitua eman dute, eta EH Bilduren emendakin bati esker 330.000 euro bideratuko dira kirol instalazioa konpontzeko.
Egiako Matigoxotegi futbol zelaiaren belar artifiziala zeharo hondatuta dago, eta Kostkas kirol elkarteak urteak daramatza zelaiaren berritzea eskatzen. Hasiera batean, udal gobernuak 2020ko aurrekontuetatik kanpo utzi zuen kirol instalazioaren berrikuntza, baina EH Bilduren emendakin bati esker datorren urtean aldatuko dute zelaia.
“Oso pozik gaude. Atzo jaso genuen Reyes Carrereren deia, eta esan zigun akordioa sinatu zutela EAJrekin Matigoxotegi berritzeko”, azaldu du Joseba Poyalesek, Kostkaseko presidenteak. “Presioak funtzionatu du, beti ere errespetutik egin dugulako”. Abendua hasieran manifestazio jendetsua egin zuten Egiako zelaitik Tabakalerara.
2020ko aurrekontuetan 330.000 euro bideratuko dira Matigoxotegiko zelaia aldatzera. CSDaren bidez finantzatuko dute. “Gehiago kostatzen bada, aurrekontua igoko dutela esan digute”, dio Poyalesek. Akordioa lortu arren, Kostkaseko arduradunak biharko udalbatzarrera joango dira udalbatzak aurrekontuak berresten dituela ikusteko. “Urtarriletik hasiko gara eskatzen zelaia udan berritzeko, txapelketarekin ez dagoen garaian”, nabarmendu du Poyalesek.