Procesaren aurkako epaia eta demokrazia izango dituzte hizpide Ibarretxek, Iruinek eta Masvidalek
Juan Jose Ibarretxe eta Artur Mas, Kursaaleko hitzaldi batean: (Gure Esku) Mobilizazio eguna da gaur Katalunian, izan ere, Tsunami Demokratikoak deialdia egin du, Bartzelona eta Madrilen arteko futbol partida dela eta. Azken hilabeteetan, buruzagi politiko katalanen aurkako epaia dela eta, protesta ugari izan dira Katalunian zein Euskal Herrian, eta bolo-bolo dabil gaia.
Demokrazia bai plataformak ere gai hori izango du hizpide gaur, eta Procesaren aurkako epaia eta demokrazia lelopean hitzaldia antolatu du gaurko. Kursaalean izango da, 19:00etan, eta hizlari ezagunek hartuko dute hitza: Laura Masvidal, Eskubide Zibilen Aldeko Kataluniako Elkarteko kidea eta Joaquim Fornen emaztea, Iñaki Iruin abokatua, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak. Era berean, Irati Sarasua eta Pilar Kaltzada kazetariak ere izango dira hitzaldian, eta moderatzaile lanak egingo dituzte.
Antolatzaileek asistentzia konfirmatzeko eskaera egin dute, eta bi modu jarri dituzte horretarako: demokraziabai@gmail.com helbide elektronikoa eta 665 70 67 96 telefonoa. Halaber, solasaldia streaming bitartez emitituko dutela jakinarazi dute.


