Kafe kapsulak birziklatzeko edukiontziak jarri dituzte Altzan eta Intxaurrondon
Kafea proiektua aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, Donostiako Udalak, eta Ekogras, Lavazza eta Eskovazza enpresek. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) Etxeko kafe kapsulak birziklatzeko proiektu pilotu bat abiatuko dute Altzan eta Intxaurrondon. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, Donostiako Udalak, eta Ekogras, Lavazza eta Eskovazza enpresek diseinatutako egitasmoaren barruan 26 edukiontzi instalatu dituzte bi gune horietan, eta Altzako Harrobieta plazan eta Intxaurrondoko Sagastieder plazan bi karpa instalatu dituzte ere, edukiontzi berrien funtzionamenduari eta proiektuaren helburuari buruzko informazioa eskaintzeko. Bi karpak zabalik egongo dira 11:00etatik 19:00etara.
Proiektu pilotu horrekin aztertuko dute zer aukera dauden plastikozko eta aluminiozko kapsulei balioa emateko: alde batetik, lehen kategoriako lehengai gisa erabiltzeko kapsulak birziklatzeko edukiontzien fabrikaziorako, eta bestetik, merkataritzako produktuen fabrikaziorako, Lavazza enpresaren bezeroentzat. Egitasmoaren bultzatzaileek aurreikusi dute proiektuari esker, urtean 4350 kilo lortuko direla. Era berean, 79.091 kilo kafe-hondar bilduko direla zenbatetsi dute. Ekogras enpresak, hondar horiek erabiliko ditu perretxikoen substratu bat lortzeko, eta ondoren, etxeko auto-hazkuntzako kit bat egiteko.
Proiektuaren helburu nagusia da dosi bakarreko kapsulak birziklatzeko, irtenbide bat ematea hiriko biztanleei, eta, horretarako, kapsulak kontsumitzen dituzten biztanleei etxeko edukiontzi bana emango zaie dohainik, hor kapsula erabiliak gorde ditzaten, eta horrela, birziklatzeko edukiontziraino eramatea “errazagoa” izan dadin.
Kapsulen bilketarako Ekograsek egun duen olio edukiontzien ibilbide logistikoa erabiliko dute, eta horri, bi edukiontzi mota gehitu dizkiote. Alde batetik, “buzoi antzeko bat”, kapsulak biltzeko, 120 litroko edukierakoa, dagoeneko Donostian banatuta dauden landare olioaren bilketarako edukiontziei katigatua. Bestetik, etxeetarako, poto txiki bat sortuko tute, bi litroko edukierakoa, kontsumitzaileek beren kapsula erabiliak bertan gordetzeko, eta gero, edukiontzi publikora eraman ahal ditzaten.


