Eraso berri bat salatu dute Groseko Hondarpe Auzo Elkartean
Groseko Hondarpe Auzo Elkarteak eraso berri bat jasan duela salatu du Ubarroiak kofradiak. Oraingoan, txiklea sartu diete sarrailan, baina kofradiak azaldu duenez, elkarteko kideak lokalean sartu ahal izan dira. Denbora gutxian hainbat eraso jasan ditu elkarteak, izan ere, abenduaren hasieran sarraila baliogabetu zieten, eta lehenago, Nafarroa Behera plazako informazio panelak margotu zizkieten.
Erasoei aurre egiten jarraituko dutela nabarmendu du Groseko kofradiak: “Ez dugu etsiko auzoko komertzio txikiaren defentsan, auzo euskaldun baten alde lanean, auzo feminista baten alde borrokan, auzoko langileon alde saretzen, auzoko gazteei lehen lerroa uzten, elkartasuna oinarri”.
Era berean, bi deialdi egin dituzte, erasoak gaitzesteko. Alde batetik, protesta argazkia egingo dute abenduaren 21ean, San Tomas egunean, 13:00etan, Txofre plazako eskaileratan. Bestalde, manifestazioa egingo dute urtarrilaren 16an, Auzotik eta auzoarentzat lelopean.