Igarotako bidearen kronologia bat
Olatz Salvador, musikaria

"Momentu honetan, zerotik hasteko fase berri batean nago"

Orain Skakeitan taldearen disko berriaren aurkezpen birarekin badabil ere, bere bakarkako proiektuaren sorkuntza prozesu batean murgilduta dago Olatz Salvador musikaria (Amara Berri, 1990).

OlatzSalvador_3 (Argazkia: Joseba Parron)

Askotariko influentziak izan ditu, bere aita Eduardo Salvador eta bere osaba Iñaki Salvadorretik hasita, eta argi dauka oraindik lan asko egin behar dela musikaren munduan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko.

Zer harrera izan du Skakeitan taldearekin atera duzuen disko berriak?
Azaroaren 29an aurkeztu genuen, Durangoko Azoka iristear zegoenean. Pentsatzen genuen jendeari ez ziola denbora emango diskoa asko entzuteko, baina azokan hurbildu zitzaigun jendeak esan zigun diskoa entzun zutela, eta harrera polita izan du. Ahotsenean zuzenean jo genuenean ere jendea kanpoan gelditu zen ez zegoelako leku gehiago.

Aldaketa asko egin dituzue disko honetan. Zergatik?
Estilo aldaketa ez da erabaki bat izan, eboluzio natural baten emaitza izan da.

Kritikak ere izan ditu diskoak, ezta?
Kritikak izan ditugu, beti daude kritikak. Eraikitzaileak baldin badira hartu ditzakezu eta hobetzen saiatu, baina ez baldin badira eraikitzaileak, eta kutsu tradizionalistatik aldaketen kontra eginak badira, badakigu zer dagoen horren atzean.

Skakeitanekin zure ahotsa bigarren plano batean gelditzen da.
Ni taldean sartu nintzen momentuan ahotsa Pellorena zen, eta gerora hasi nintzen ni koru batzuk egiten eta abesti zati batzuk abesten.

Zure bakarkako ibilbidera pasatuz, zer harrera izan du Zintzilik diskoak, bukatu berri duzun aurkezpen biran?
Oso harrera ona izan du, eta uste dut salbuespenezkoa izan dela. Izan ere, inguruan diskoak ateratzen dituen jende asko daukat, eta ikusten dut zailtasunak izaten dituztela kontzertuak topatzeko, kontzertuetara jendea gerturatzeko, eta diskoen gastuak ez datozkiela bueltan. Niri ez zait hori gertatu, nirea prozesu berezi bat izan da. Diskoa bukatu nuenean 1.000 kopia eskatu nituen, merkeago ateratzen delako gehiago eskatzea gutxiago baino. Pixkanaka saltzen joango zirela pentsatzen nuen, baina urtebete iraun zidaten eta gehiago eskatu behar izan nituen. Hori, arraroa, baloratzekoa eta eskertzekoa da.

Nolakoa izan zen diskoa sortzeko prozesua?
Lehenengo fasea izan zen nik etxean abestien eskeletoak sortzea gitarra eta ahotsarekin. Hortik, pauso bat eman nahi izan nuen bandarekin instrumentatze aldera, eta Skakeitan taldeko Julen Idigorasek eta Borja Antonek lagundu zidaten abestiak janzterako orduan. Izan ere, baliabide tekniko gehiago dituzte, eta abestiak beste plano batera eramateko gaitasuna dute. Ondoren, nire anaiarekin hitz egin nuen baxua jotzeko, eta dena prest genuenean, grabatzera joan ginen.

Senide eta lagunez inguratu zen Salvador  Viktoria Eugenia Antzokiko kontzertua emateko. (Argazkia: Iratxe Etxeandia)

Senide eta lagunez inguratu zen Salvador
Viktoria Eugenia Antzokiko kontzertua emateko. (Argazkia: Iratxe Etxeandia)

Nola sentitu zara bira honetan zehar zure musika propioa jotzen?
Diskoa kaleratu zenean, sentitu nuen esposizio ariketa oso serioa izan zela, abestiak oso intimoak direlako eta bakoitzak nire zati bat daukalako. Era berean, hedabideetan nire irudia eta izen-abizenak agertzeagatik pixka bat biluzik sentitu nintzen. Banekien horrela izango zela, baina lanketa bat eskatu didan zerbait izan da anonimotasunetik aldentzea. Baina jendea kontzertuetan nire abestiak abesten ikustea oso indartsua, hunkigarria, berezia, eta deskribaezina da niretzat.

Diskoan abestiak akustikoak daude, elektronikoagoak, eta abar. Nola sentitzen zara erosoago?
Uste dut ni naizela denbora guztian, hori da eroso sentiarazten nauena; desberdinak izan arren, abesti bakoitzak nire zerbait daukala. Asko gustatzen zait oinarri elektronikoak nahastea, eta bide hori asko ikusten da diskoan. Baina nire sustraiak azaltzeko beharra ere baneukan, hau da, gitarra eta ahotsarekin sortu den zerbait denez, hori nonbait islatzea.

Diskoan askotariko influentziak nabaritzen dira.
Jende askok esaten dit nabaritzen dela lehenengo disko bat dela, ez daukadalako bidea hain definituta, baina hori gustatzen zait. Pop-rock musika asko entzuten dut, rocka ere bai, rap asko ere entzuten dut, baita oinarri elektronikoa duen musika ere. Entzuten duzun guztiak baldintzatzen zaitu sortzeko, eta nahi gabe bide horiek bilatzen dituzu. Bestalde, ez da kasualitatea emakumezko erreferenteak bilatu izana.

Musika asko entzuten dut, eta oso azkar aldatzen dut, gaur egun azkar kontsumitzen dugulako, baina abesti bat gustatzen bazait saiatzen naiz horri denbora eskaintzen.

Oso kontzertu berezia eman zenuen duela gutxi Viktoria Eugenia Antzokian. Nola sentitu zinen?
Hasteko, lan karga handiko prestaketa izan zuen kontzertu horrek, eta ni izan nintzen, diskoetxearekin batera, guztiaz arduratu zena. Gauza berezi bat izatea nahi nuenez, jende asko gonbidatu nuen, eta hori aparteko konplikazio bat da. Baina ikusita denek hain gogo handiz hartu dutela lan hori, hainbeste erraztasun eman dizkidatela eta hain eskertuak egon direla, lan horrek guztiak pena merezi izan du.

Kontzertu berezia izan zen. Antzerki-forma eman genion eta musikariak aldatzen joan ziren, diskoaren sorkuntza prozesu guztia islatzeko eszenak sortuz. Sorpresa berezi batzuk ere egon ziren. Egia esan, loa kendu dit, oso urduri egon nintzen aurreko egunetan, eta egunean bertan beldur pilo bat neuzkan, baina ikustea 700 pertsona etorri zirela, eta guztiak hain gertu sentitu nituela, bultzada handia ematen dizu babesa daukazula ikusteko eta aurrera jarraitzeko.

Kontzertuan jo zuten musikarien artean zure aita, Eduardo Salvador, eta osaba, Iñaki Salvador, egon ziren. Zer harreman daukazu beraiekin?
Harreman oso ona daukat biekin, bestela ez nituen gonbidatuko [barreak]. Batak zein besteak transmititu didate beraien musikarekiko maitasuna, baina ez inposizio moduan. Era ez zuzen batean jaso dut hori, eta dirudienez, ni izan nintzen esan zuena instrumentu bat jotzen ikasi nahi nuela. Ez didate inoiz esan zer egin eta nola, ez dira era paternalista batean epaitzen ibili. Hori da gehien eskertzen dudana, nire bidea egiten uzten didatela. Beraiek ikus dezakete ez luketela nik egiten dudana egingo, baina nire akats propioak egiten utzi didate.

Biak Mikel Laboaren musikariak izan ziren. Oso presente zegoen zuen etxean?
Presente zegoen, baina ez hainbeste bere musika entzuteagatik, baizik eta askotan etxera deitzen zuelako. Telefonoa anaiak edo nik hartzen genuen, eta pertsonaiak asmatzen zituen. Nor zen galdetzen genuen, eta esaten zuen, ‘Superman’. Guretzat, Mikel Laboa ez zen erreferente bat, euskal musika markatuko zuena edo euskal kulturaren zutabe bat izango zena; guretzat bromak egitea gustatzen zitzaion oso gertuko pertsona bat zen.

Zurea bezalako familia askotan ematen du denak musikariak izan behar duzuela.
Nire etxean ez musikariaren konplexua izan dut beti. Izan ere, gure aita eta osaba musikari profesionalak dira, musikari buruz guk baino askoz gehiago dakitenak. Guk intuizioz jotzen ikasi dugu eta ez dugu horrenbesteko formakuntzarik izan, horregatik, sarkin baten moduan sentitu izan nahiz musikaren munduan. Baina hainbeste gustatzen zait, sarkin izaten jarraituko dudala, eta saiatuko naiz gehiago ikasten.

Baina egia da, era batera edo bestera, musikariak ez direnak ere jotzen badakitela nire familian. Gabonak iristen dira, eta edonork har dezake gitarra bat eta jotzen hasi, abesten, eta abar. Nire lehengusua baxu-jotzailea da, beste lehengusu batek gitarra jotzen du eta abestiak konposatzen ari da (agian bere izena entzungo dugu laster), beste lehengusinak biolina jotzen du, nire amonak pianoa…

OlatzSalvador_8

(Argazkia: Joseba Parron)

Zure osabaren kasuan, Laboarekin jo ondoren, jazzaren munduan aritu da gehien bat. Gustuko duzu estilo hori?
Pilo bat gustatzen zait. Ez nitzake kapaz izango jazz estandar errazena jotzeko ere, baina asko miresten dut nire osaba, iruditzen zaidalako musikan bere burua gehien garatu duena dela. Popa jotzeko, lau akorde ikasita zerbait egin dezakezu, baina jazza jotzeko ez. Horretarako, musikaren ikuskera eta ezagutza zabalago bat behar duzu. Horregatik, Jazzaldian saiatzen naiz kontzerturen batera joaten, baina ez dut nire burua hor ikusten. Batzuetan pentsatzen dut nire osabak daukan gaitasuna gauza ezinezko bat dela, baina berak beti aldarrikatzen du ez dela horrela jaio, lan asko egin duela.

Musikenen ere badabil zure osaba. Zein rol jokatzen du maila horretako musika eskola batek Donostiako musikari gazteentzat?
Ez dut barrutik ezagutzen, eta nahiko arrotza egiten zait mundu hori. Badakit oso zaila dela han ikasketak egitea, eta diziplina asko behar dela ikasketa horiek aurrera eramateko, baina badakit, baita ere, beraien etorkizuna ez dela oso itxaropentsua. Musikenen ikasteak ez die profesionaltasunik bermatzen. Izugarrizko meritua daukatela uste dut, eta iruditzen zait jende hori oso beharrezkoa dela hiriaren etorkizun artistikoa bermatzeko. Baina horri erantzun bat eman behar zaio gizarte gisa, eta jende hori zaindu egin behar dugu, bestela kultura hiltzen ari garelako.

Zu psikologoa zara berez, ezta?
Psikologia ikasi nuen, eta orain arte, musika lanak lan profesionalekin uztartzen saiatu naiz. Egia esan, oso zaila egin zait, eta egoera oso kritikoetan egon naiz, lo egin gabe lanera joaten, besteak beste. Nahi izan dudalako egin dut, baina ez da erraza izan. Momentu honetan, zerotik hasteko fase berri batean nago. Oso polita izango litzateke niretzat musikatik soilik bizitzea, baina oso zaila da.

Posible da Donostian musikatik bizitzea?
Musikatik bizitzeaz ulertzen dugunaren arabera eta posible zer den ulertzen dugunaren arabera. Ikusten dudan aukera egingarriena da musika jarduna uztartzea sorkuntza ikastaroekin, adibidez. Esaterako, irratian kolaborazio bat egiten hasiko naiz laster, eta horrelako gauza txikiak musikarekin uztartzea izan daiteke musikatik bizitzeko aukera prekario bat.

Musika euskaraz egitea hautu bat izan da?
Alde batetik, modu naturalean izan da. Nire ama hizkuntza euskara da, eta horrela atera zait. Hala ere, baditut gauza batzuk gaztelaniaz idatzita, eta poesia asko irakurtzen dut gaztelaniaz. Bestetik, hautu bat ere izan da, iruditzen zaidalako euskal kultura ez badugu guk sortzen ez duela inork sortuko. Horregatik, uste dut hemendik aurrera egingo dudan jarduna euskaraz izango dela gehien bat, nahiz eta gaztelaniazko gauzak ere egon daitezkeen.

Nola ikusten duzu Donostiako kulturaren egoera?
Iruditzen zait musika aldetik izugarrizko mugimendua dagoela. Talde pilo bat daude eta musikari oso on eta desberdinak daude askotariko proiektuetan. Alde horretatik, Donostiako musikariak nahiko saretuta gaude. Iruditzen zait, baita ere, oso eszena oparoa daukagula, eta astebururo aukeratu dezakezula nora joan, baina ikusleak falta dira. Izan ere, hainbesteko eskaintza daukagu, ez dagoela hain publiko aktiboa, astean hiru kontzertutara joango dena.

Oso eskaintza oparoa dago areto eta antzokietan, baina ez da hain erraza tabernatan programatzea.
Badaude kontzertuak antolatzera animatzen diren tabernak, eta ezinbestekoa da. Azkenean, nire bakarkako proiektua tabernatan hasi zen, eta altxor bat iruditzen zait. Euskal Herrian badaukagu zirkuitu hori, eta horrek bermatzen dizu ibilbide bat hasteko aukera. Oso garrantzitsua da hori zaintzea, baita artistak zaintzea ere. Niri tokatu zait taberna batean jotzea futbol partida bat dagoen bitartean, eta jende asko ez da zu entzuten ari.

Falta zaiguna da publiko bat animatuko dena ezagutzen ez duen proiektu bat ikustera, baita ordaintzera ere. Doako kontzertu asko ikustera ohitu gara, eta horrek ez du esan nahi musikariak ez duela kobratzen, antolatzaileak dirua jarri duela baizik, hala beharko luke behintzat. Horregatik, pentsatzen dugu kontzertu horrek ez daukala kosturik, eta harritzen gara sarrera ordaindu behar denean.

Desberdintasun asko ikusi dugu Donostiako eta beste leku batzuetako publikoaren artean?
Madrilen jo genuenean, adibidez, gehienak euskaldunak ziren, beraz, giroa ez zen asko aldatzen. Madrilera espreski gu ikustera joan zen jendea ere bazegoen, ikaragarria iruditzen zaidana. Hango jendea ere bazegoen, eta ez nuen ulertzen nola ezagutu ninduten. Ez dakizu zenbat pertsonatara iritsi zaitezkeen, eta hori oso berezia da. Polita da ikustea askotan ez direla ezer ulertzen ari, baina euskaraz abesten ari direla. Sinestezina da jendeak esaten dizunean euskarara zure abestiengatik hurbildu dela, zure sorkuntzarekin euskara bultzatzeko ariketa bat egiten ari zarelako, nahi gabe bada ere.

Kontzertu batean kontatu zenuen sare sozialetan bideo bat ikusi zenuela, non negarrez ari zen haur txiki bat zure abesti bat entzutean lasaitzen zen.
Horiek dira musikaren gauza indartsuenak, jendearen feedbacka jasotzea, jakiteko nola bizi duten zure musika. Oso berezia da ikustea jendearen intimitateraino sartu naizela zirrikituren batetik, eta hortik istorio berriak sortu direla abesti beretik. Hori da abestiak bizirik mantentzen dituena. Eta ikustea haur txiki bat, inolako filtrorik ez duena, nire abesti batekin negar egitetik barre egitera pasa daitekeela… Zer gehiago eskatu dezaket!

Jaialdietara joateko ohitura duzu?
Bai, jaialdiak gustatzen zaizkit eta kontsumitzen ditut. Ez da kontzertu bat ikusteko gehien gustatzen zaidan formatua, hainbeste kontzertu egonda ezin zarelako bat ikustera eta gozatzera zentratu. Baita ere jende asko dago hor egotea tokatu zaiona, eta kontzertua berdin zaiona.

Jaialdien kontraesan guztiak ere hor daude; BBK Live jaialdiko langileen esplotazioaren inguruan atera zen guztia, bankuek antolatzen dituztela eta marka handiek babesten dituztela, EHZ bezalako jaialdi autogestionatuei inolako babesik ematen ez zaien bitartean. Hori da gure jaialdien panoraman kritikagarriena, eta hausnarketa bat egin beharra dago horren harira.

Nola ikusten duzu emakumeek oholtzan duten ikusgarritasunaren gorakada?
Alde batetik, ikusten dut badagoela gorakada hori. Gainera, oso baikorra naiz, eta uste dut hemendik hamar urtera egongo direla emakume musikari pilo bat, orain oskoletik ateratzen ari direnak. Beste aldetik, ikusten dut Viña Rock bezalako jaialdi batera joaten zarela, eta emakumeak %10 garela. Teknikari eta managerrak kontuan izanda, %5. Bi alde horietan mugitzea tokatzen zait, eta uste dut aldatzen ari dela. Emakumeen ikusgarritasuna handitzen den neurrian, gainera, publikoan ere emakume gehiago ikusten dituzu. Gurpil bat da.

Ikusgarritasun horren harira, nola bizi dituzu zure bizitzan dituzun zapalkuntza guztiak oholtza gainean?
Emakume guztiok ez dugu berdin bizi oholtzara igotzea, eta batzuek aldarrikatzen dute ez direla igotzen beraien emakumetasuna aldarrikatuz, baizik eta beste musikari baten moduan igotzen direla, eta ez dutela tratu desberdin bat nahi. Oso zilegi da hori, nire ustez.

Tristea bada ere, iruditzen zait iraultzailea dela ni, emakume gisa, oholtzara ateratze hutsa. Askotan sentitzen dut, bai, aparteko zama bat, bollera izatearena ez delako hain agerikoa, agian. Askotan esaten didate hori aldarrikatu behar dudala. Oraindik ez naiz ikusgarritasun hori aldarrikatzera iritsi, baina iritsi daiteke momentua. Era berean, ikusten dut emakume askok eskertzen dutela emakume bat oholtza gainean ikustea, eta horrek ere laguntzen dit. Emakume eta bollera gisa ahalduntzeko bidea hasi dut babesa sentitu dudalako konfiantza espazioetara ateratzeko

Proiekturen bat daukazu buruan etorkizunerako?
Buruan gauza asko ditut beti, eta pentsatzen ditudan gauzen erdia egiten dut, bizitza horrela delako eta egunak 24 ordu dituelako. Errealitatera ekarrita, bakarkako proiektuarekin jarraitzen saiatuko naiz. Orain Skakeitanen zuzenekoekin gabiltza, baina ni sorkuntza prozesu batean nabil, eta bigarren disko bat egin nahi dut. Espero dut ateratzea, baina ez dakit zehazki noiz, ez daukat bermerik. Ate batzuk irekita ditut eta jende batekin hitz egiten hasi naiz, baina estilo aldetik saiatzen naiz abestiak eskatzen duen bidea egiten.

HITZAkide HITZAkide