Txokolate janarekin egingo diete harrera Amara Berrin
Amara Berri Auzo Elkarteak eta Ikasbide elkarteak txokolate jana antolatu du biharko, Olentzeroren eta Mari Domingiren ongietorria goxatzeko. 17:30an izango da Ikasbide elkartean, eta ondoren egingo diete harrera 18:00ak inguruan Probestu plazan.
Agurra egingo diete txistulariekin, eta ondoren haurrak agurtu eta hauen eskutitzak jasoko dituzte 18:30ak arte. Orduan hasiko da desfilea. Olentzero eta Mari Domingi auzoko kaleetan zehar ibiliko dira. Auzo elkarteak nahiko lukeena da aitona-amonek, gurasoek, eta noski, haurrek parte hartzea. Trikitixa eta txistulariek lagunduko dute, baita dultzainero eta kantariek ere. Kriseiluekin argituko dute gaua.