Dean Parrish soul abeslariak beteko du Sidney Barnes-en hutsunea
Donostiako XI. Mojo Workin’ jaialdia 2020ko martxoaren 12tik 15era egingo dute, eta iragarritako programa aldatu behar izan dute antolatzaileek. Sidney Barnes abeslari estatubatuarrak osasun arazo larriak ditu, eta ezin izango da etorri. Haren hutsunea Dean Parrish soul kantari estatubatuarrak beteko du.
Sarrera ez da aldatu beharko, balio bera izango duelako. Horrela ere, 3 egunko abonamendua aldatu nahi duenak mojoworkindonosti@gmail.com helbidera idatz dezake.
Kartelburuak
Aldaketak aldaketa, AEBetako 60ko eta 70eko hamarkadako musika beltzaren ondorengo izarrak ariko dira datorren urteko jaialdian: Dean Parrish eta Carolyn Crawford ostiralean, martxoaren 13an, eta Ruby Andrews eta Chris Clark larunbatean, martxoaren 14an. Lau artistak The Individuals izenpean elkartutako tokiko musikariez osatutako taldearen laguntzarekin arituko dira.
Bestalde, larunbateko (martxoaren 14a) gaua irekiko duen taldea iragarri berri du jaialdiak: Guadalupe Plata blues-rock taldea. Horrekin batera, jaialdian arituko den DJ-etako bat ere iragarri dute: Alex Subinas.
Sarrera solteak oraindik ez daude salgai, bai, ordea, abonamenduak, 42 euroren truke. Jaialdiaren webgunean, Donostia Kulturaren webgunean eta Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan erosi daitezke abonamenduak.