Urteurren bizi eta koloretsua
35. San Silvestre lasterketa herrikoian ehunka lagunek parte hartu dute. Hiriko obrek ibilbidea estutu duten arren, giro ederrean bete dituzte kilometroak lasterkariek.
Urteari bukaera emateko ohitura onari eutsi diote ehunka herritarrek. Donostiako San Silvestre lasterketa askoren urteko azken helburua izaten da, afarira lekua eginda iristeko. Kamiseta grisak eta mozorroak tartekatu dira gaur arratsaldean, ohiko giro paregabean. Kale Nagusian jendetza bildu da, eta txaloka hartu dituzte korrikalariak.
Easo plazan hasi eta ia zortzi kilometro beteta iritsi dira lasterkariak, berriz ere, Easo plazara. Bidean metroaren lanekin topo egin dute hainbatetan; irteeran, Antiguara bidean eta bueltan, eta helmugara iritsi aurretik. Estu eta larri ibili dira asko, eta larri ibili ez diren hainbat nahiko estu.
Lasterketa herrikoia izanik ere, irabazleak ditu, eta baita sailkapena ere. Emakumezkoetan Sara Alonso izan da azkarrena (00:27:34), Olatz Flores bigarren (00:28:09), Mylenne Marionneau hirugarren (00:28:29), Audrey Monchecourt laugarren (00:29:23) eta Nerea Egia bosgarren (00:29:28). Gizonezkoetan, berriz, Pierre Urruti lapurtarra izan da biziena, bigarren urtez jarraian (00:22:59), Eneko Agirrezabal bigarren (00:23:01), Aitor Etxeberria hirugarren (00:23:03), Ander Sagarzazu laugarren (00:23:26) eta Gonzalo Fuentes bosgarren (00:23:47).
Ohitura da ere mozorro lehiaketarena. Aurten epaimahaiak nahiko erraz izan du irabazleak aukeratzeko. Giro ederra jarri dute ondorengo bideoan agertzen direnek bide osoan zehar.
Hauxe duzue argazki bilduma: