Asgarth bueltan da

Añorgako Asgarth heavy metal taldeak bere itzulera iragarri du urte berriarekin batera. 12 urteko etenaldiaren ostean, banda eraberrituta bueltatuko da Euskal Herriko agertokietara, bi kide berrirekin: Mikel Yarza baxua eta Etxahun Urkizu bateria, Lasarteko Hilotz taldekoak biak. Haiekin, batera, jatorrizko formazioko hiru kidek jarraituko dute Asgarthen ibilbide berria egiten: Asier Enbil abeslaria, Ander Cañas gitarra eta Unai Zabala gitarra.
Herriko Burdina Euskal Herriko heavy metalaren atariak azaldu duenez, Asgarth banda 1997an sortu zuten, eta entsegu lokalean landuriko abestiekin lehen maketa grabatu zuten urte horretan. Maketa horri esker, Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten, sekulako arrakastarekin. Jainkoen Egoitza eta Etorkizunaren Sustraia lehen bi diskoekin euskal heavyaren bigarren belaunaldiko gidariak izan ziren. Gerora, III hirugarren lan interesgarriena plazaratu zuten, eta rock kutsuko Garrasia laugarrenarekin agur esan zuten 2007an, Añorgako gaztetxean.