Lourdes Txikin ehunka zuhaitz-hazi erein dituzte Haritzaldek eta Eguzkik
Laster hiru urte beteko dira Lourdes Txikiko mendi magalaren zati handi bat soildu zutenetik. Donostiako Udalak orduan adierazi zuen eremua lehengoratuko zuela, baina 32 hilabeteren ondoren eremuak berdin jarraitzen du. Hori dela eta, Eguzkik eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak elkarlanean ekintza sinboliko bat egin dute.
Zuhaitzen ehunka hazi ereiteari ekin diote bi taldeek Lourdes Txikin. “Haritz kandudun, lizar eta astigar zuriaren haziak bildu genituen, eta soildutako eremuan sakabanatu ditugu”, azaldu dute. Horrekin batera, udalari hainbat eskaera egin dizkiote; eremua lehengoratzea, espezie inbaditzaileak kentzea eta zuhaitzak berriz landatzea.
Bestalde, jabeei ezarritako isunen inguruan informaziorik ez dagoela diote bi taldeek, eta Lourdes Txikiko basoak zuen babesak “airean” jarraitzen duela salatu dute
2017ko apirilean soildu zuten Lourdes Txikiko mendi magala. “Segurtasunaren izenean 2,5 hektarea (3 futbol zelai) soildu ziren kilometro bateko pistak irekiz. Kontxatik bertatik ikus zitekeen triskantzan Planeamenduak babesten zuen baso mistoa suntsitu zen, eta ehun urtetik gorako haritzak galdu ziren motozerren hortzetan”.