Haur danborradako diskurtsoa Hiritarrak botako du, Aitor Ikastolako ikasleen bertsoen artean
Aurten, lehen aldiz, pertsonaien artean ez da Ohorezko Damarik ezta Easo Ederrik izango, eta azken honek botatzen zuen diskurtsoa Hiritarraren pertsonaiaren esku geratuko da.
Urtarrilaren 20a iristear da eta, haurren danborradari dagokionez behintzat, dena prest dago jada. Hain zuzen, goizean haur danborradaren aurkezpena egin dute udaletxean, Eneko Goia alkatearen eta Jon Insausti zinegotziaren eskutik, datorren astelehenean festaren irudi izango diren pertsonaia gazteak aurkezteko.
Han izan dira Harri Berri Oleta ikastolako Aimar Capa, aurtengo Danbor Nagusia, eta baita Aitor Ikastolatik datozen Jenerala eta Laguntzailea, Aratz Agirrezabala eta Ainire Egaña, hurrenez hurren. Haiekin batera, danborradako karrozatik XIX. mendeko gizarte zibila irudikatuko duten pertsonaiak ere izan dira gaurko aurkezpen ekitaldian, Aitor Ikastolakoak denak: Juno Vidal (Alkatesa), Lide Hosteins (Notarioa), Vicky Yarnoz (Batelaria), Cesia Colindres (Iñudea), Aitor Perez-Cuadrado (Artzaia), Nora Zinkunegi (Urketaria), June Lizarraga (Mandazaina), Aroa Astudillo (Dendaria), Matthew Carvaca (Arrantzalea), Sapna Agirre (Irulea), Malena Cornago (Hiritarra), Bittor Gaztelu (Hiritarra), Lide Arana (Palafrezaina), Malen Barinagarrementeria (Palafrezaina), Itxaso Gras (Palafrezaina), Andoni Lizarraga (Palafrezaina), Yun Ximenez (Palafrezaina) eta Ekiñe Quintana (Palafrezaina).
Aurtengo berritasunen artean, nabarmentzekoa da haur danborradan lehen aldiz ez dela Easo Ederraren ezta Ohorezko Damen irudirik izango, Aitor Ikastolak hala erabakita. Egiako ikastetxeak hausnarketa prozesu baten ondorioz hartutako erabakiaren arrazoiak erreportaje batean bildu zituen IRUTXULOKO HITZAk joan den ostiraleko astekarian. Aldaketaren ondorioz, orain arte Easo Ederrak udaletxetik botatzen zuen diskurtsoa Hiritarraren pertsonaiaren esku geratuko da astelehenean.
Horrekin batera, danborradako pertsonaiak ordezkatuko dituzten Aitor Ikastolako ikasleek bertso batzuk eskainiko dituzte, eta zeinu hizkuntzaren interprete batek hitzartzeak itzuliko ditu. Urteroko legez, haur konpainia guztiak Alderdi Ederren elkartuko dira 12:00etan San Sebastian martxa elkarrekin jotzeko.
Haur danborradaren zifrak
Guztira, 4.828 haurrek hartuko dute parte aurtengo haur danborradan, 48 konpainiatan banaturik. Sebastian bezpera kontuan hartuta, ordea, hiriko auzoetatik danborra jotzera aterako diren haur kopurua 8.829ra igoko da.
Parte hartuko duten ikastetxeak 41 dira, baina horietako zazpik bi konpainia aterako dituzte danborradan. Horien artetik, Claret Ikastolaren konpainia faltako da aurten, ikastetxea joan den ekainean itxi zutelako.
Danborradaren aurkezpen ofiziala
Astelehena iritsi baino lehen, haur danborradako ordezkariek konpainien aurkezpen ofiziala izango dute ostiralean, 12:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Han, hiriko kaleetatik desfilatuko duten konpainia guztietako ordezkariak egongo dira, eta Eneko Goiak Aginte Makila emango dio Danbor Nagusiari, Alkatesari, Jeneralari eta Hiritarrari dominak jartzearekin batera.